Istorioak

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2018ko ira. 8a, 09:43

Bero sapa. Nohizbeinkako ekaitz usaintsuak. Hondartzako area madarikatua eta igerilekuko kloroa. Eguzkitako krema likatsua larruazalean. Azal beltzaranak eta ez hain beltzaranak. Bainujantziaren marka nabariak zein erredura eta gorriuneak.

Aftersun. Zaindu beharreko eta askorik zaindu gabeko baratzeak. Tomate preziatuak. Urre gorria. Itsaso infinitua eta mendiaren berdeak. Gailur ahaztuak eta kostata igotakoak. Leku exotiko, ezezagunak, munduaren azken punta edota betiko apartamentua. Jende oldea. Turistak. Langabezia disimulatua eta lan prekarioak. Zerbitzari estresatuak eta prezio garestiegiak. Gosari berantiarrak eta beldurtzerainoko buffetak. Lasai. Desorduak. Koloreak alde guztietatik. Kontsumismoa. Abuztua egin nahi duten merkatari eta saltzaileak. Kapitalismoaren klimaxa. Kapritxo eta gutiziak, gaur eta bihar. Festak eta San Auskalo guztiak. Aste Nagusiak. Gauaren errege eta erreginak. Ligoteo sanoa (ze bestela ez da ligoteoa!). Ustekabean hartutako mozkorraldia edo planifikatu gabeko sasi-parranda. Merezi gabeko ajeak. Oroitzapenak. Derrigorrezko argazkiak. Sare sozialen eztanda. Exhibizionismoa eta erakutsi beharra. Gorputz perfektu edo eroritako ipurdiak. Errealak. Kilo batzuk hartzearen ardura baina aldibereko felizidadea. Albistegien bete lana. Berri absurdo eta aurpegi berriak. Hemen bero eta han beroago. Desinformazioa. Munduak berdin aurrera baina zer axola. Errefuxiatu andana eta mugak. Itsasoan hondoratutakoak edo errepidean geratutakoak. Bortxaketak. Despedidak eta agurrak. Ongietorriak. Berriz elkartzeak. Hainbeste itxarondako besarkadak. Bustitako begiak. Umeen irribarre inozentea. Udan hartutako seme-alabak. Konpainia. Bidelagunen babesa eta edertasuna.

Uda: zenbateraino eman diguzu... Hain gutxi eta hain askorako. Zure baitan zenbat istorio, zenbat bizitza. Zutaz gozatzeko zortea izan dut, zugandik bueltatzekoa. Gogo onez itxarongo dizut, ez zarelako betierekoa. Zorionez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!