Erronkak

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2018ko urt. 6a, 15:24

Enpatxatuta gaude. Ez soilik gerri-buelta gizendu zaigulako. Eman begiradatxoa telebistako albistegiei: gasa eta argia nabarmen igoko direla, El Niño loteria bigarren aukera dela aberastu ez garenontzat, jendea hara eta hona dabilela erregaloak itzultzen, eta, jakina, badatozela Errege Magoak! Nola ahaztu, ordea, klasikoetan klasikoena... Zer eskatu diozu urte berriari?

(Lasai, ez ditut buruz dakizkigun zerrenda horiek aipatuko, nazkatu arte entzungo ditugulako bestela ere). Urte berrirako eskatzen ditugun horiek eskari soilak izaten dira hainbatetan, eta beste askotan, aldiz, erronkak. Hiztegira joz gero, hona hemen azken hitz honen definizioetako bat: zailtasun eta garrantzi berezia agertzen duen aurre egin beharreko arazo edo etorkizuneko eginbeharra. Etorkizuna. Erronka izan daiteke bihar egingo duguna, edo etorkizun hurbilean burutuko duguna, edo hamar urte barru. Urte berriaren kasuan, zehazki, urte horretara lerratzen da, zerbait aldatu edo hobetu nahi dugu zenbaki berriak iraun bitartean. Esan gabe doa, ordea, askotan autoengainatzeko egin ohi ditugula eskaera/erronka horiek guztiak. Sinbolikoak baitira, ohituraz hitzartuak, eta beste gauza askorekin gertatzen den bezalaxe, egutegiak agindu edo markatutakoak, nola neguan eskularruak eta udan sandaliak janzten ditugun.

Serio hitz egiten hasita, ezbairik gabe norberarentzat ona izan daiteke erronkak edo desafioak jartzearena. Motibazio iturri izan daitezkeelako, eta motibazioa, azken finean, gure motorra da. Baina horrek ez du esan nahi helbururik ezarri ezean ezin dugunik motibaturik egon; beti egongo da zerbait hobetzeko, ados, baina daukazunarekin konformatzea ere, ez al da erronka polita? Topikazoa esatera noa, baina sarri askotan entzun dugun eskaera da nagoen bezala jarraitu dezadala. Hortaz, biba zaudeten bezalaxe segitzea eskatu duzuen guztiei!

Urte berriaren inguruan dagoen oasi hori guztia, halaber, ez da eskaera edo helburuetara mugatzen. Askoz gehiago da. Puntu eta aparte egiteko modua izan daiteke. Kosta egiten zaigun hori gogoz hartzekoa, edo, kontrara, errazegi egiten duguna baztertzekoa. Balantzerako parada ere uzten digute; hor ditugu hedabide kuttunak urteko gertaera esanguratsuak berriz ere gogora ekartzeko (eskerrik asko, baina agian batzuk ez ditugu gogorarazi nahi).

Argi dagoena da, behintzat, denbora badoala; azkar, azkarregi, eskuetatik ihes egiteraino. Beraz, erronkak izan edo ez, bizi eta egin. Hobea baita egindakoagatik damutzea ez egindakoagatik damutzea baino.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!