Irati Larrañaga: “Niretzat heriotza lana da, egunero ikusten dut”

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2015ko urt. 12a, 11:40

Ikasketak hildakoen artean lan egiteko bideratu ditu Irati Larrañaga tolosarrak. Duela gutxi Tolosako Vascongada Ehorzketak beilatokian hasi da lanean; gorpuaren prestaketaz arduratzen da, besteak beste.

Erreparoa eta errespetua uztarturik doaz heriotzaz ari garenean. Bizitzaren parte bada ere, oraindik orain nahiago dugu gaia saihestu. Baina badira heriotzaz egunero ari direnak ere, hildakoak langai dituenik ere. Gizonezkoak nagusi diren lanbide honetan, Irati Larrañagak (Tolosa, 1992) bere lekua aurkitu du. Duela hilabete inguru Tolosako Vascongada Ehorzketak beilatokian hasi da lanean.

Nola iritsi da neska gazte bat hona?
Egia esan, heriotza beti izan da erakarri nauen gai bat. Ikastolan orientazio kontuekin hasi ginen, eta niri auzitegiko medikuaren edo mediku forentsearen ofizioa gustatzen zitzaidan. Baina nire burua ez nuen ikusten medikuntza ikasten, ez nengoen prest nire burua hainbeste urte eta hainbeste orduz sakrifikatzeko. Orduan informatzen hasi nintzen, eta Anatomia Patologikoa eta Zitologia (Anatomía Patológica y Citología) izeneko modulu bat bilatu nuen; hori gazteleraz egin nuen. Horrekin forentsearen laguntzailea izan nintekeen, ez daukazu titulazio bera, baina autopsiak egiten laguntzeko baimenduta zaude, baita laborategian laguntzeko ere, eta niri hori interesatzen zitzaidan. Modulu hori egin eta praktikak Donostiako Institutu Anatomikoan egin nituen; oso gustura ibili nintzen. Ondoren lana bilatzen saiatu nintzen, baina nahiko zaila zegoenez egoera, ikasketa horiek osatu nituen tanato-estetikako ikastaro bat eginez. Hori bukatu ondoren, curriculumak banatzen hasi nintzen inguruan, eta egun batetik bestera Vascongada-tik deitu zidaten ea elkarrizketa egiteko prest nengoen. Elkarrizketa egin eta egunean bertan baiezkoa esan zidaten.

Honetan aritzeko prestatu zara, beraz.
Bai, nik bilatu dut hau. Saltsa honetan egon nahi nuen. Ez da kasualitatea izan. Ez dakit etorkizunean non egongo naizen, momentuz hemen nago eta oso gustura gainera.

Dagoeneko ohituta egongo zara hildakoen artean mugitzen, ezta?
Bai, egia esan bai. Praktikak horretarako eduki ditut, autopsia bat zegoenean laguntzeko aukera ematen ziguten, eta nik beti baiezkoa esan izan dut. Lehenengo egunean, adibidez, etxera joan eta ez duzu bazkaltzen, edo lo gutxi egiten duzu. Gero pixkanaka ohitzen zoaz, normaltzat hartzen duzu.

Zer egin zaizu zailena?
Niretzat zailena edo gogorrena familiaren sufrimendua ikustea da. Hildakoarekin lana egitea beste lan bat bezalakoa da, niri horrek ez dit eragiten, badakit pertsona hori hilda dagoela eta ez daukala arazorik, lasai dagoela. Txanponaren beste aldean, ordea, familia dago, eta gogorrena haiekin tratua izatea da.

Eta nola kudeatzen da familiarekiko harreman hori?
Denek ez dute berdin erreakzionatzen. Batzuk oso gaizki egon ohi dira, beste batzuk ez hain gaizki. Beraz, batzuekin errazagoa da eta beste batzuekin zailagoa. Azken finean, familiarengana goxo joanez gero, gauzak ondo esplikatzen badituzu eta errespetuz, normalean ez da arazorik egoten. Jendeak asko errespetatzen zaitu.

Mintzo gaitezen zure lanaz. Zertan datza zehazki?
Ni funerarioaren laguntzailea naiz, bi laguntzaile gaude momentu honetan. Nire zereginak dira, lehenengo eta behin, gorpuaren bila joatea eta tanatoriora ekartzea. Ondoren gorpua prestatzen dut, garbitu, txukundu eta horrek dakarren guztia, eta amaitzeko egongelara eraman behar da familiak ikus dezan. Tanatorioko egonaldia amaitzean, gorpua erre behar bada, Villabonara eramaten dugu, hain baitugu labea erretzeko, edo bestela hilerrira. Hileta gorpua presente dela egiten bada, elizara eramaten dugu eta elizkizuna amaitutakoan hilerrira. Horretaz gain, beste lan txiki batzuk ditut: eskelak jarri edo kendu, loreak elizara eraman…

Gogorra egin zitzaizun lehen aldiz hildako bat apaintzea? Nola gogoratzen duzu?
Praktikak egin nituen lehen egunean haur jaio berri bat tokatu zitzaidan. Horrek zirrara handia eragin zidan, lotan zegoela zirudien. Oroitzapen horrekin geratu naiz.

Eta zenbat denbora eskatzen du gorpu bat prestatzeak?
Gorputzaren egoeraren araberakoa da. Gorpua ospitale batetik ekartzen bada, edo etxebizitza batetik, esaterako, normalean nahiko txukun egon ohi dira, ez dute lan askorik eskatzen. Horiek ordu erdi baten bueltan prest eduki ditzakezu. Gorpua, aldiz, istripu batetik baldin badator, lan gehiago eskatzen du, luzaroago garbitu behar duzulako… Egon zaitezke ordu erdiz edo bi orduz lanean gorpu batekin.

Prestakuntza hori ere, makillatzea eta janztea, familiaren nahiaren arabera egiten al da, edo zuek zuen irizpideak jarraitzen dituzue?
Guk irizpide batzuk ditugu eta gorpu guztiak irizpide horren arabera prestatzen ditugu. Aukera uzten dugu sendiak bere arropa ekar dezan gorpuari janzteko. Arropa ekarri ezean guk hil oihal izeneko traje bat ipintzen diogu eta ahalik eta ondoen prestatzen saiatzen gara. Gu irekita gaude familiaren edozein eskakizun betetzeko, gure esku badago, behintzat.

Eta eskaera horiek, naturaltasuna, beti aurpegian izandako keinu hori lortze aldera izaten dira?
Bai, gure helburu nagusia da pertsona hori bere bizitzan izandako antzekoen prestatzea, gerturatzen direnek benetan bera dela ikus dezaten. Horrelakoetan askotan argazkiak ekartzen dizkigute, ikusteko nolako orrazkera zuen, edo beste batzuek bere makillajea ere ekarri izan dute. Gertatu izan zait ere, hildakoaren alabak eskatzea ea berak makillatu zezakeen gorpua, eta ez dago inongo arazorik. Gu saiatzen gara ahalik eta naturalena egiten guztia.

Bizidunari baino errespetu handiagoa zor omen zaio hildakoari, defenditzerik ez duenez. Hala uste duzu?
Nik uste dut denok garela pertsonak eta denoi zor zaigula errespetu minimo bat. Bizidun batek merezi duen errespetu bera merezi du hildako batek, ez gehiago eta ez gutxiago. Egia da guk tentu handiagoz jokatu behar dugula lanean, baina errespetua guztiok merezi dugu.

Errespetuaz gain, zer beste ezaugarri behar dira ofizio honetan?
Garrantzitsuena da buruz oso indartsua izatea. Ezin duzu gora-behera handiak dituen pertsona bat izan. Ezin duzu lana etxera eraman, atetik kanpora txipa aldatu eta kito. Edozein mediku edo psikologok egiten duten antzera, lanetik kanpo deskonektatzen jakin behar da.

Eta zuk, deskonektatzen duzu?
Bai, ez dakit ohituragatik den edo…Oraindik ez zait tokatu gertuko norbait prestatu beharra, badakit tokatuko zaidala, eta ez dakit momentua iritsitakoan nola erreakzionatuko dudan. Baina momentuz ez daukat arazorik.

Hildako senidea duenari ere errespetua zor: eskari berezirik egin izan dizute, hemen esateko moduan?
Bai, badaude anekdotak, nahiz eta lana berez serioa den. Niri ez zait tokatu, denbora gutxi daramat eta hemen, baina lankideek kontatu didatenez, behin gorpu bati Athletic-eko kamiseta jantzi zioten! Beste gorpu bati Gabonetako loteria zenbaki bat sartu zioten hilkutxan, abenduak 21eko egun batean. Besteren bati ere puru handi horietako bat jarri zioten aldamenean… Izan ere, batzuek oso mamituta izaten dute heriotza, zain daude… Orduan, berez heriotza tragikoa baldin bada, zergatik tragikoagoa egin? Niri guztiz errespetagarria iruditzen zait.

Gero eta jende gehiagok nahiago izaten du erraustea. Zuenean nabari da joera hori?
Gipuzkoa mailan gero eta gehiago ikusten da erraustea, baina Tolosan oraindik % 40 erretzen dira, gainontzekoak ez. Hemen pasatzen dena da inguruan herri txiki asko daudela eta jendeak panteoi familiarrak dituela. Horiek dituztenak nahiago izaten dute hilkutxa eta guzti lurperatu. Hala ere, nik uste dut etorkizunean erretzea areagotu egingo dela, baina ez %80an, adibidez. Lurperatzea ez da modaz pasako.

Heriotza natural hartu behar dugula esan ohi digute. Zuk oso barneratua izango duzu hori…
Niretzat heriotza lana da, egunero ikusten dut. Gai tabua da oraindik, baina naturaltasun handiagoz hartu beharko genuke guztiok. Inoiz ez dugu heriotzaz hitz egin nahi, atzeraka, beldurra eragite digu...baina ez dakit zergatik, izan ere, bizitzako etapa bat da eta denok pasako gara hortik. Heriotzarik gabe ez litzateke bizitzarik egongo. Nik behintzat naturaltasunez hartzen dut.

Eta lanean hemen hasi zinenetik, aldatu zaizu heriotzarekiko duzun ikuspegia?
Ez, esan bezala, niretzat gai naturala da. Etxean ere beti natural hartu izan dugu, eta orain agian normalagotzat hartzen dut.

Zein izan ohi da jendearen erreakzioa zure lanbideaz hitz egiterakoan?
Denetarik dago. Batzuk normal hartzen dute eta beste batzuk gaia aldatzen dute, ezta entzun ere. Lagunek betidanik ezagutzen naute eta txisteak eta guzti egiten dizkidate. Hemen hasi behar nuela esan nienean, hasieran arraro xamarra egin zitzaien, baina aldi berean galderak egiten zizkidaten, jakin-minez. Hala ere, batzuetan jakin-minarekin batera atzeraka edo erreparo hori dator.

Batzuek esango dizuete: zuen negozioan krisirik ez…
Negozio aldetik krisia ez dugu nabaritzen. Nabaritzen dena da lehen jendeak dirutza uzten zuela horrelako kontuetan. Orain gehiago begiratzen dira prezioak, baina gu poltsiko guztietara moldatzen gara. ERE egingo duen enpresa ez da hau, langileak ERE bidez kalera bidaliko dituena ez da, izan ere, lana badago.

Zuen negozioaz kritikarik jasotzen al duzue?
Niri ez zait tokatu. Kritikaren bat jasota ere, guk kritika konstruktibo moduan hartuko dugu, zerbait hobetu behar bada hobetzeko. Hala ere, familientzako egoera zaila denez, gerta daiteke baten batek bere senidearen heriotza zurekin ordaintzea, ez da askotan gertatzen, baina gerta daiteke.

Barkatu atrebentzia, baina zure burua irudikatu duzu horrelako egoera batean?
Egia esan, ez zaizkit gustatzen ez tanatorio ezta elizkizun kontuak ere, ez naiz sinestuna. Amari betidanik esan diot nire gorpua erretzea nahi dudala, gero errautsak nonbaiten lurperatzea eta zuhaitz bat landatzea. Etxekoei esaten diet hiltzen naizenean festa bat egiteko mesedez, eta ez hileta triste bat negarrez egoteko. Izan ere, zergatik egon behar dugu bi egun negarrez norbait hil delako? Okerrago pasatzen duzu horrela. Askotan tanatorioan konpromisoagatik egon ohi da jendea. Ni oso gertuko jendearen hiletetara joaten naiz, ahal baldin badut ez naiz joaten. Ez zait iruditzen hiletara joateagatik pertsona hobea zarenik. Gainera, gure familian beti izan dugu ohitura gertuko norbaiten hiletara joan ondoren elkartu eta bazkari bat egiteko, adibidez. Noski, ez dugu ospatzen, baina egoerari buelta ematen saiatzen gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!