«Plazan harrapatzen dugunari forma eman behar diogu, balioa erantsiz»

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2015ko urt. 7a, 15:28
Argazkia: Olatz Peñagarikano

1988. urteko abenduan izan zen 'Hitzetik Hortzera' programaren lehen emisioa. Saioak bertsogintzaren munduko aktualitatea du ardatz eta igandero ikus daiteke ETB1-n. Felix Irazustabarrena eta Eneritz Urkola saioko kideak jardun hori kontatu dute.

26 urte igaro dira bertsolaritzak pantailara salto egin zuenetik. ETB eta Bertsozale Elkartearen fruitua da Hitzetik Hortzera saioa, eta egun bertsolaritzaren plaza da telebistan. 1988ko lehen emisio hartatik ezer gutxi geratzen da orain, baina beti ere helburu bera izan dute gogoan: bertsogintza gizarteratzea eta bere hedapena zabaltzea. Helburu horretan dihardu programako lan taldeak, tartean Felix Irazustabarrena alegiarra (1961) -23 urte inguru daramatza bertan lanean- eta Eneritz Urkola anoetarra (1986), duela 4 urte hasi zena eta programako egungo zuzendaria dena. TOLOSALDEKO ATARIA eurekin elkartu da urteotako errepasoaz eta gehiagoz hitz egiteko.

Bertsolari eta bertsozale arteko zubi lana egiteko sortu zen 'Hitzetik Hortzera', apustu berritzailea. Eta 26 urte beranduago erreferente bihurtu da bertsogintzan… holakorik imajinatzen zenuten?
Felix Irazustabarrena: Seguru asko ez. Bertsozale Elkartea, orduan sortu berri zena, tematu egin zen telebistak zerbait egin behar zuela bertsolaritza sustatzeko. Ez zegoen oso garbi zer egin zitekeen… Dena den, telebistan ari zirenek uste zuten ez zela telebistagarria, bi pertsona zutik kantatzen… hori ezin zela telebistan eman. Hala ere, tematuta aurrera egin zen eta denen harridurarako hasieran sekulako arrakasta izan zuen! Ikaragarria! Nik uste dut hor gauza gehiagok ere eragin zuela: Elkartea sortu zen, 1986ko Txapelketa Nagusia arrakastatsua izan zen… orduan telebistak apustua egin zuen bertsolaritzaren alde, nahiz eta lehen denboraldian hilean behin emititzen zen saioa, eta hurrengoetan astero.

Zuk Felix, urte mordoa daramatzazu saio honen itzalean. Nola gogoratzen dituzu hasierako urteak?
Nik uste dut erraz xamar asmatu genuela. Programak berehalako arrakasta izanda, ETB baliabideak jartzen hasi zen, ediziorako gelak, erredakzioko jendeaz gain bertso saioetara beste batzuk joaten hasi ziren, 4-5 lagun ibiliko ginen horretan. Garai polita izan zen.

Eneritz, zu ordea orain urte batzuk hasi zinen bertan lanean. Errespetua ematen du horrelako saio beterano batean hasteak?
Pixka bat modu inkontzientean bizi izan nuen prozesu hori, konturatu gabe zer zen Hitzetik Hortzera bezalako programa batean lan egitea. Baina denbora aurrera doan heinean kontzientzia hartuz joan naiz eta zure inplikazioa ere handiagoa da, azken finean konturatu naiz historiaren parte dela hau! Horretaz gain, bertsolaritzari buruzko saio bat egitea gaur egun telebista eta mundua doan norabidearen kontra egitea da. Lan asko du programa egiteak, baina motibagarria da.

25 urte hauetan formatu desberdinak eta berrikuntzak txertatu izan dira programan, baina beti ere artxiboetara jotzeko ohitura mantendu duzue. Halako pisua du iraganak bertsogintzan?
F. I.: Atzera jo izan dugunean jendeari erakargarria egiten zaio, eta gainera interesgarria da bertsoaldi onak izan direnak berreskuratzea. Gu saiatzen gara askotan oraingoekin alderaketak egiten, orain kantatu badute honetaz, orain 20 urte nola kantatu zuten gai horretaz… dena jasota daukagunez erraza egiten zaigu.

Eneritz Urkola: Kontutan hartu behar dugu ere Hitzetik Hortzera-ren ikus-entzulea ez dela hain gaztea, eta hauei euren gazte garaiko bertsoaldiak gogoraraztea gustukoa egiten da.

Hitz egin iezaguzue zuen lan taldeaz. Ordubeteko saioa osatzeko, zer nolako lana dago atzean?
E. U.: Momentu honetan erredakzioan lau kide gaude. Guk astebururo bi saio grabatzen ditugu, saio bakoitzera pertsona bat doa bi kamerekin. Bertan saioa eta elkarrizketaren bat grabatu, eta ondoren saioak eman duenaren arabera aukeraketa egiten dugu. Astelehenean elkartzen gara edukiak finkatzeko eta behin hori eginda, gidoiarekin errealizatzailearengana joan eta ordubeteko aukeraketa bat egiten da. (Gidoia osatzea Beñat Gaztelumendi eta Felixen ardura da). Horretaz gain, duela bi urtetik programari haria edo lotura ematen dion ahots bat daukagu- off ahotsa-, Ainara Lasak grabatzen du ahots hori. Azken ukitu horiek eginda, asteazkenean ikuskapen bat egiten dugu akatsak edo konpondu beharrekoak konpontzeko, eta asteazken edo ostegunean programa entregatuta egoten da.

F. I.: Dena den, aipatu behar da gure lanaren oinarria plazan dagoela. Guk harrapatu ditugun bertsoak hartu eta forma ematen saiatuko gara, lotura eta kohesio bat emanez, presentazio on batekin eta aukeraketa txukun batekin eskainiz.

Hala ere, zuen kamerak ezin dira leku guztietara iritsi. Zeren arabera egiten duzue aukeraketa hori?
E.U.: Beti saiatzen gara behintzat Euskal Herriko errealitate desberdinak erakusten. Gaiak bukatuko zaizkigu noizbait, baina saiatzen gara programa bakoitzak norabide bat izan dezala. Elkartean egindako hausnarketa zera izan da: lagun arteko afari bat noizbehinka erakusteko ona izan daiteke, baina zailagoa da afari batek funtzionatzea handik astebetera etxean bazkaltzen ari zarenean. Funtzio horri begira, jaialdiak grabatzeko apustua egin da.

Zenbait bertsolari ere pantailaz bestalde hazten ikusi ditugu. Bertsozaleek ez ezik, eurak ere eskertuko dizuete saio honek egindako ekarpena…
F.I.: Hau azkenean Bertsozale Elkartearen eta telebistaren arteko elkarlana da, bertsolariek beraiek badakite guzti honen atzean Elkartea dagoela, gu gaudela, beti ere bertsolaritza zaintzeko helburuarekin. Beraz, beraiek ere bat sentitzen dira honekin, eta konfiantza eta laguntza ematen digute.

E.U.: Bertsolariek beldurra izango balute beraien hitzetatik lan taldeak egin dezakeen erabileraz, seguruenik atzera egingo zuten. Hitzetik Hortzera azken batean Bertsozale Elkartearen tresna bat da bertsolaritzaren hedapenerako, eta zentzu horretan bertsolariek badakite hor zeresan handia dutela.

Garaiak aldatuz doaz, eta jakina bertsolaritza ere garai berrietara egokitu da. Mende laurden honetan, bertsolaritza zertan aldatu da gehienbat?
F.I.: Nik uste dut bertsolaritza pixkanaka eboluzionatuz joan dela, gizartearekin batera. Orain, esaterako, teknologiak azkartasuna ekarri du, gaur kantatzen dena bihar bertan edo gaur bertan egon daiteke sarean edo mugikor batean… Bestalde, bertsolariaren perfila ere aldatu egin da. Gaur egun bertsotan dabilen jendea herri honetako kulturgintzan oso erreferente eta txertatuta dagon jendea da, eta orduan hortik etortzen da beste kultura eta esparruen arteko nahasketa.

E.U.: Eta lehen bertsolariak entzulearekin testuinguru horri zegozkion gauzak konpartitzen zituen soilik. Gaur egun, Andoni Egaña edo Maialen Lujanbio Ermuara bertsotara joaten badira, prentsan agertutako zerbait konpartitzen dute, edo sarean dabilen zerbait…Bestalde, adin, genero eta aniztasunak ere ekarri du gaiari heltzeko moduan aldaketa, gaiak formulatzeko orduan, bertsolariak gaia nondik hartu, nondik abestu…

Eta ikusleen aldetik, oraingo bertsozaleak txapelketa zaleagoak gara?
F.I.:Txapelketarena beti egon da presente, baina egiten diren saio kopuruak ere goraka doaz eta jende asko mugitzen da. Egia da lau urtez behin Barakaldon 13.000 pertsona elkartuko direla, baina, adibidez, hilabete honetan egingo diren saioetan 13.000 lagun baino gehiago ibiliko dira batera eta bestera. Bertsolaritzak badauka eguneroko zerbait.

E.U.: Ni ados nago horrekin. Hala ere, egia da bere herriko bertso afari batera joan ez dena agian joango dela txapelketako saio batera, baina ez dut uste hori gehiengoa denik. Agian egongo da jendea sailkapen batek erakartzen duena.

F.I.: Txapelketak badu erakargarritasuna bai, badago jendea finalaurreko batera joan eta gero zaletu egiten dena ere.

Txapelketa aipatu dugunez, txapelketa bat tarteko denean, lana biderkatu egingo zaizue. Bertso guztiak ezin emititu… estresagarria izaten al da?
F.I.: Txapelketan lana egiteko modu diferentea da, batzuetan errazagoa eta guzti egiten zait… Txapelketa bera zurrunagoa da, aurrena agurra, gero ofizioka, kartzela… teknikoki errazagoa egiten zaigu gehiena Bertsozale Elkarteak antolatzen duelako. Eta nora joan aukeratzeko garaian ere errazagoa da.

E.U.: Grabaziorako errazagoa izan daiteke, baina pixka bat konplikatzen duena programari forma ematea da, behartuta geratzen da. Gainera, baldintzatu egiten zaitu 6 hilabete irauten duen programa batean bi-hiru hilabete txapelketekin pasatzeak.

Nola ikusten duzue gaur egungo bertsolaritza?
F.I.: Bertsolaritza mugimendu oso bat bezala hartuta, uste dut oso osasuntsu dagoela, batez ere indartsu dago, Elkarteak berak ere pisu handia hartu duelako gizarte mailan ere, eta Euskal Herri osora iristen da bertsolaritza, bai eskoletara, hezkuntza arautura… plaza mugimenduak ere ondo jarraitzen du. Gainera, nolabaiteko prestigio bat hartu du. Eta bertsolari aldetik ikaragarri zabaldu da, ez dago dudarik honek aurrerapausoak ekarriko dituela bertsogintzan, jende berria aterako dela eta jende ona.

E.U.: Esango nuke euskalgintzan eta kulturgintzan erreferentea dela bertsolaritza. Bertsolarien ikuspuntutik iruditzen zait interesgarri dagoela momentua, izan ere, bertsolari gazteak hor dabiltza bilaketa lanean. Bestalde, bertsolaritzak eskaintzen duen beste gauzetako bat da, Euskal Herrian eremuz eremu eta errealitateak errealitate zer ekarpen desberdin egiten duen, adibidez, Nafarroa hegoaldean bertsolaritza ikasten ari diren haurrak euskarara nola gerturatzen diren.

Etorkizunari begira, bide luzea ikusten diozue saioari? Erronka berriren bat?
E.U.: Kanpotik ez dakit zenbateraino sumatu den, baina uste dut aurten egin dela aldaketa programa egiteko moduan, agian oraindik pixka bat fintzea falta zaigu, baina erronka berezirik gabe… Ni poztuko nintzateke bide honetan garatuz joatea, ahalik eta jende gehienari gustagarri egitea bertsolaritza, inoiz ahaztu gabe telebistan gaudela

F.I.: Guk azkenean programa egin ahal izango dugu hari bat, kolore bat emanez. Gure apustua hori ahalik eta ondoen eta txukunen eskaintzea da. Kolore horiek aldatzen joango gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!