(Kon)tratua

Erabiltzailearen aurpegia

Puntu morez jantzi ziren atzo kaleak, sareak, diskurtsoak, intentzioak. Puntu gorriz beteta jarraitzen dute indarkeria matxistaren kontagailuek. Punta zorrotz izaten jarraitzen du etxeak emakume askorentzat, eta puntualizazio puntualetan trabatu direlako inpuntual iristen dira neurriak erakundeetatik. Eta salaketa jarri duena apuntatzen jarraitzen dute hedabideek; indarkeriazko egitura apuntalatzen.

Zerk bereizten du ona ez den tratua tratu txarretik? «Tratu hori eman duenari diogun maitasun, begirune edo errespetuak» da, bururatzen zaidan erantzun bat. Begiratu besterik ez dago, salaketa bat agertzen den aldiro ze erantzun desberdina suertatzen den gure gertuko norbait bada, edo bere ibilbidea ezaguna bada. Neure burua harrapatu izan dut tratu bat desegokitzat jotzen, gertakari isolatua izango den esperantzan, eta «ez du ondo tratatu» eufemismo lotsagarrira iristen («ez du ondo tratatzen» baieztatzera ausartu gabe). Eta nola aldatzen zaidan trataera, gertakari bera fikzioan ikusiz gero ez bainuke «tratu txar» gisa identifikatzeko arazorik. Zein da maite ditugunek besteei emandako tratu txarrak salatzeko behar genukeen tratamendua?

Gogoan dut herriko indarkeria matxista kasuak (salatutakoak) zenbatu, eta ia etxe-bloke bakoitzeko bat zegoela ohartu nintzenean sentitu nuen kolpea. Esan nahi baitu, gure inguruan, gure ondoan, gure aurrean gertatzen direla; eta ez daukagu gehiago esaterik ohartu ez ginenik. Ikusteko, ordea, begiratu egin behar da. Eta mugimendu feministaren lanari esker indarkeria matxista identifikatzen ikasi dugunez, ez zaigu begirada jaistea besterik geratzen.

Badakigulako jeloskor jarri eta neskari oldartu zaion mutil lagunaren arazoa ez dela gehiegi edan izana; eta badakigulako gurekin eseri den horrek blokeatuta zuen neska ohiari hitz egiteko beste perfil bat sortu duela; badakigulako barraren beste aldean dagoen hori bi aldiz bota dutela tabernatik neskei argazkiak egiten harrapatuta, eta badakigulako gure kuadrillan pornoa entretenigarri gisa hartzen dutela askok. Eta indarkeria hori guztia gauzatzen ari diren gizon (askotan jator eta maitagarri) horien ondoan gaude gu, saltzen diguten erasotzaile irudia berregiteko pieza faltan.

 

Eta indarkeria hori guztia gauzatzen ari diren gizon (askotan jator eta maitagarri) horien ondoan gaude gu, saltzen diguten erasotzaile irudia berregiteko pieza faltan


Tratu ez ona eman dutela badakigun gizon horiekin tratatzeari uzteko ausardia falta, edo ausartzean egozten zaigun esajerazio edo histeria, edo erreakzionatzeko gaitasunik eza. Horra hor, indarkeria matxistaren sustengu isil eta sakon bat. Gure baitan landu beharrekoa. 0 tolerantzia aldarrikatzen dugunon tolerantzia mingotsa.

Gutako bakoitzari dagokion pausoa ere hortxe dago. Feminismotik gizonei esan izan zaien gisa: «Ez dugu gizonak feminismoaren aliatu izaterik nahi, patriarkatuaren traidore baizik». Isilpeko tratatu hori traizionatu beharra daukagu, parez pareko, edo oinarrira joz, bidezko tratu bat eman eta jasotzeko. Bada kontratua hausteko garaia.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!