'Adú' eta 'Miñan'

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Iguaran 2020ko ots. 29a, 05:57

Hainbat lagun sumatu ditut hunkituta Adú filma ikusi berritan (2020, Salvador Calvok zuzendua). Hainbati gomendatu nien Miñan liburua (Ibrahima Balde-ren istorioa, Amets Arzallusek idatzia: Susa, 2019).

Antzeko istorioa dute biek kontatzeko, «legez kanpoko» izendatu den migrazioa da kontatzen dutena, baina jasaten dutenen ikuspegitik. Antzeko istorioa dute kontatzeko, agian ohikoa delako filmean Adúk eta liburuan Ibrahimak egiten duten zeharkaldi mingotsa.

Ikusten dugu filma eta mugituta, afaltzeko gogorik gabe irteten gara kontakizun horren atzean dagoen errealitatea irudikatze hutsarekin. Irakurtzen dugu liburua eta atal batetik bestera irakurtzeari utzi behar diogu, anekdota moduan kontatzen diren tratu txarrak korapilo egin zaizkigulako sabelean. Baina heltzen da hurrengo goiza, amaitzen dugu liburua, eta egunerokotasunak irensten gaitu bere presa guztian. Ahaztu ditugu Adú, Ibrahima, eta une honetan zeharkaldi bera egiten ariko diren milioika lagun.

Eta istorioak ez baitira filmak eta liburuak amaitzen diren unean ixten, Adú eta Ibrahimaren bizitzek aurrera darraite. Adúren fikzio errealak ez dakit, baina Ibrahimaren zeharkaldiak ez du etenik izan geroztik. Amets Arzallusi galdetu diot ea nola dabilen, Irunera heltzeak ez baitu ezer konpontzen, bere baitan. Liburuko ibilbide gogorra irakurriz arindua hartzen dugu hona iritsi dela irakurtzean. Baina geroztik, Ibrahimak iristen jarraitu beharko du, bertan legez kanpo eta hiritartasun eskubiderik gabe (gutxienez) hiru urtez irautera behartzen duen atzerritartasun legeagatik. Mugak saltatzen jarraitzen du egunero, fisikoak zein sinbolikoak.

Azkenekoz eman zizkidan berrien arabera, harrera gune batean dago eta ikasketak egiten ari da mekanikari modura, tailer batean lan egiten duen bitartean. Ikasketen izenean, eta egoera irregularra dela eta, ez du egindako lanaren ordainik jasotzen, tailerrean kideek beste lan atera arren. Adibide horrek bistaratzen du sistema nola baliatzen den egoera irregularrean irautera behartzen diren eskubidez gabetutako etorkinen egoeraz.

Ibrahimak Guardia Zibilen auto bat konpondu zuen atzo. Bera edo bera bezala dagoen edonor atzetik jarraituko duen autoetako bat. Sagua, katuari atzaparrak zorrozten. Eta guk, nahiko lan dugunok gure aldarrikapenekin, ez dugu oraindik ikusi atzerritartasun legea ere guk borrokatu behar dugula. Eta Tolosan ibili gara, Afrikako tribuz mozorrotuta pultsera eta betaurrekoak saltzera etorri direnei prezioa doituz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!