Gure gorputzak memoria bizidunak dira, aitortzaren bila

Erabiltzailearen aurpegia

Memoria egitea ez datza lehena oroitzean, ezkutuan dirauten eta gordearazi nahi diren biolentziak agertaraztean baizik. Ezin dugu orainik eraiki, lehenaldian bizitako injustizia aitortzen ez duen jendartean eta are gutxiago, hori egin duten estatuek oraindik ere bortxa hori egiteko makineria martxan dutenean. Osatze kolektiboa oinarri duen geroan, zer gertatu den jakin behar da eta berriro errepikatuko ez dela bermatzeko zimenduak jarri. Horretarako, gertatutakoa irakurri behar da. Eta memoria idazketa hori ezin dute gizonezkoek gure izenean egin, ez eta estatu instituzioek ere, garaile/garaituen eskeman. Estatu indarkeria biziraun dugunok eta eraildakoen senideek badugu zer kontatu eta zehatz-mehatz bizitako zapalkuntza eta biolentzia espezifikoetatik eman nahi dugu lekukotasuna.

Espainiako Estatuko polizia etxeetan tortura sistematikoa erabili da inpunitate osoz euskaldunon aurka. Emakumeon* kasuan jazarpen politiko eta estatu indarkeriak jite sexista izan du. Madrilgo polizia etxeetan gure emakume gorputzak guda zelai patriarkalak bihurtu dituzte, askatasunaren alde borrokatzea erabaki genuelako batetik eta rol patriarkalak apurtu genituelako bestetik. Torturatzaileen pentsamenduan gu bidelagun edo zaintzaile izan behar genuen, ez borrokatzea erabaki genuen subjektuak. Horren zigorra, tortura sexista izan da, eta bortxaketa eta erailketa, indarkeria patriarkal horren punta. Espetxeetan ere otzan eta esaneko hezi nahi gaituzte indarrez, gizonek gizonentzat egindako eremuetan. Gure emakume* gorputzek tatuaiak dituzte, ez tintarekin eginak indarkeria anitzekin baizik. Markatu gaitu estatu indarkeriak, kontatu ditzagun gure gorputzetan pilatutako biolentziak memoria kolektiboa egiteko.

 

Eta memoria idazketa hori ezin dute gizonezkoek gure izenean egin, ez eta estatu instituzioek ere, garaile/garaituen eskeman.



Testigantzak publiko egitea emakume torturatuak boteretzeko tresna bat da. Baita, historia ofizialean lekurik izan ez duen memoria feminista txertatzeko aukera ere. Emakume batentzat hitza hartzea (historikoki zapaldutako beste subjektuentzat bezala) nolabait, subjektu zapaltaile-zapalduaren egitura hori urratzeko modu bat da. Horregatik, testigantza ariketa kolektibo eta boteretze politiko bezala hartzen dugu. Ez da nahikoa kontakizuna agertoki publikoan plazaratzea inork ez badu gure kontakizuna entzun, irakurri edo kontuan hartzen. Horregatik, beharrezkoa da mugimendu feministatik testigantza horien euskarri eta zabaltzeko ardura izatea.

Euskal Herrian kontakizun bakarra jazartzeko atakan eta lehian gauden honetan, beharrezkoa da errebindikaziotik memoria kolektiboa egitea. Memoria feministak bide ematen digu, denbora luzez sistema patriarkal edo testuinguru zapaltzaileen ondorioz lekurik izan ez duten euskal emakumeen kontakizunak gatazkaren irakurketa kolektiboan txertatzeko. Gure minen/biolentzien isiltasuna jada ez da aukera bat. Ekintza feministak, justizia egiteko bidean hitza hartzeko betebeharra dakar, biziraun dugunongatik eta hil dituztenengatik. Gure ahotsekin memoria kolektiboa osatzea da euskal gatazkaren konponbidean ekarpena. Eman diezaiogun bidea, garatu dezagun elkarrekin memoria historiko feminista!

 

Tatuaiak

Gure herri zahar zapalduaren historia daramat

gorputzean tatuatua,

itxi gabeko itxi nahi ditudan zaurien estalki

eta bizi dugun injustiziaren adierazgarri.

Odola dute tinta nire tatuaiek

konpromezuarena, duintasunarena

borrokarena, elkartasunarena

eta bidean erori direnena,

egunen batean memoria historikoan

idatziko, aitortuko eta oroituko ditugun ororena.

                                                                                Zürich-ko espetxean 2016

Erlazionatuak

Estatuen indarkeriaz

Alegia Tolosa

Urteetan barrenean korapilatuta izan dituzten bizipenak askatzeko gonbidapena egin die Tolosaldeko Atariak Pilar Garaialde Salsamendiri eta Izaskun...

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!