Kale Kantoitik

Hedabideak, sistema patriarkala eraldatzeko subjektu ala kontalari?

Erabiltzailearen aurpegia Nekane Txapartegi Nieve 2020ko aza. 27a, 13:15

"Sistemaren ispilu matxista medioetan: Emakumeon* milaka erailketek, gizon bakar baten heriotzak baino lerro eta artikulu gutxiago dituzte egunkarietan". Nekane Txapartegi iheslari politikoak Suitzako Kale Kantoitik egin duen gogoeta. 

Atzo, azaroaren 25.ean emakumeon* indarkeriaren kontrako nazioarteko egunean mundu osoan zehar kaleak hartu genituen! Beste urte batez, indarkeria forma guzti horien atzean sistema patriarkala dagoela eta biolentzia egiturazkoa dela salatu genuen mugimendu feministok. Bai eta horren aurrean, antolatu eta oldartuko garela eta borrokan jarraituko dugula, ez atzo bakarrik baita gure egunerokoan ere. Patriarkatua guztiz bota arte!!

Atzo amorrua indar bihurtu genuen kalean eta gaur nire amorrua gogoeta bihurtu nahi dut irratian. Guk astero, egunero, orduero hiltzen gaituztela oihukatzen dugun bitartean, egunkariek Maradonaren heriotza hartu dute gai garrantzitsuena, patriarkatuaren aurkako borrokaren biharamunean. Eta berriro sistemaren ispilu matxista medioetan: Emakumeon* milaka erailketek, gizon (kasu honetan futbolaria) bakar horren heriotzak baino lerro eta artikulu gutxiago dituztela egunkarietan. Biolentzia estrukturalaz hitz egiten dugunean, horixe esan nahi dugu estatuentzat, instituzioentzat,  gizartearentzat, gure bizitzek gizonenak baino gutxiago balio dutela alegia!!

Eta nire kezka gaurkoan, kazetari feministaren ikuspegitik dator. Medio hegemonikoek pentsamendu patriarkala erreproduzitu eta gure borroka inbisibilizatzen saiatzen direla ezaguna zaigu, baina non daude indarkeria matxistaren kontrako borroka honetan «gure» kontsideratzen ditugun medio ezkertiar horiek? Non daude sistema kapitalista arrazista eta patriarkal horren indarkeriaren aurrean? Hori eraldatzeko subjektu ala kontalari dira? Zerk du lehentasuna zerk saltzen duen, zer gehiago irakurtzen den?

Nik argi dut, gure bizitzak duela lehentasuna. Horregatik, nire ustez, indarkeria matxistaren ezabapenaren bidean kontzientzia egitea eta ikuspegi antipatriarkalarekin berri ematea izan beharko luke bere burua ezkerreko duen medio edo kazetari ororen egitekoa. Horrek, norbanako eta kolektibo bezala hausnarketa eta pausuak ematea dakar: norberaren burua despatriarkalizatu, egiturak, botere harremanak, komoditateak, pribilegioak… galdegitea eta ondoren hori medioetan adieraztea...

Indarkeria matxista sistema patriarkalen ispilu den bezala, bihurtu daitezen ezkerreko medioak emakume* eta feministon borrokaren ispilu!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!