IKUSMIRA(N)

Argazkiak ezkutatzen duen egia

Erabiltzailearen aurpegia Nora Urbizu Arozena 2021ko api. 26a, 07:58
San Telmo Museoko ‘Kearen eta lanbroaren artean’ erakusketako irudi bat. SIGFRIDO KOCH BENGOETXEA

Bizipen zirraragarri bat izan nuen martxoaren hasieran Donostiako San Telmo Museoan, Sigfrido Koch Bengoetxea argazkilariaren Kearen eta lanbroaren artean erakusketa ikustera joatean. 

Erakusketak bi atal ditu: gerrako argazkiez osatutakoa, bata, eta gerra ondorengo urteetan Gipuzkoako hainbat herrietan ateratako argazkiez osatua bestea. Idatzi labur honetan, bigarren atalari egingo diot erreferentzia. Izan ere, hango argazkietako batean neure burua ezagutu nuen, edo itxuraz nire antzekoa zen norbait. Hala ezin izan, noski; nik haren antza izango bainuen, izatekotan, hark nirea baino gehiago. Baina ikusi egin nintzen. Horman eskegitako argazki hartan ageri zen emakumearen baitan ikusi nuen neure burua.

Argazkiaren fokua zabaltzean, alboan zuen gizonezkoari erreparatu nion. Gure aitona zen! Zuri beltzezko argazkietatik soilik ezagutu dudan aitona ezagutu nuen argazkian. Gure aitona eta izeba ziren argazki eder hartako protagonistak, berehala jabetu nintzen. Erakusketarako egindako katalogoan, ildo bereko beste bi argazki ikus daitezke; guztietan, garoa edo iratzea jasotzen eta narrarekin garraiatzen ikusten dira gure izeba-osaba eta aitona.

Argazkiok sortzen dizkidaten emozioetatik harago, ordea, zer erakusten duten pentsatzen dut maiz; edo Karmele Jaio idazleak, erakusketarako egindako katalogoan dioen moduan, «zer ezkutatzen duten». Nire baitan, familiaren genealogia egiten laguntzen didate argazkiok, arbasoen bizimoduaz hitz egiten baitute. Baina familiaz harago, herri kulturaren berri ere ematen dute mota honetako argazkiek, dagoeneko galduak diren edo galbidean diren, hamaika lanbide eta kultura erakutsiz.

Iraila izango zen seguruenik, argazkilariak erretratuak egin zituen garaia. Iratzea, garoa, iñistorra mozteko garaia irailaren erdi aldera hasten zen, landarea gorritzen hastean. Lursaila garbi mantentze aldera mozten zela pentsa genezake gure XXI. mendeko pentsamendutik, baina hori baino askoz gehiago zen garoa biltzea. Baina begira diezaiogun berriz argazkiari.

Ederra da argazkia; egurrezko sardearen mugimendua sentiarazten duen argazkia da, emakumearen esfortzua hautematen dena, garo moztu berriaren usaina ere, kasik, sumatu genezakeena. Hala eta guztiz ere, mota honetako erretratuak ikustean, baserriko bizitzaren irudi bukoliko xamarra erakusten ote duten pentsatzen dut maiz. Eta pentsamendu horietan nabilela argazki hauen intentzionalitateaz hausnartzen dut. Zer zen argazkilariak erakutsi nahi zuena, edo, agian ezkutatu nahi zuena? Egungo gure begiradatik zer eta nola interpretatu behar dugu irudi hauetan? Hausnarketa honetan lagungarri zaizkit Jaio idazlearen hitzak: «Argazki batzuek ez dute erakusten dutena erakusten, ezkutatzen dutena baizik; kamerak harrapatutako une horren aurretik gertatu denaz eta ondoren gertatuko denaz hitz egiten digute. Mundu eta unibertso konkretu baten izebergaren punta dira».

Erakusketaren bi atal horien aldeak, galdutako paradisuaren eta berreskuratutako paradisuaren arteko aldea erakustea omen du helburu. Berreskuratutako paradisua, ordea, paradisu hitzak duen esanguratik nahiko urrun zegoela esan daiteke. Ahozko testigantzek ozen esan digutena azaltzen dute Kochen hiru argazki hauek, hau da, baserri bizitzari lotua zegoela lana, lana eta lana. Eta baserri bizitza berez bazen gogorra, areago zen emakumeentzat.

Hango argazkietako batean neure burua ezagutu nuen, edo itxuraz nire antzekoa zen norbait


Ez naiz ni baserriko lanetan aditua, ez aritua ere, baina jabetzen naiz, argazkiko emakumeak ez duela lan horietarako janzkerarik egokiena; irudikatu ditzaket lanaren ondorengo zango urratuak. Berreskuratutako paradisu horretan, galtzak janzteko aukera noiz izan zuen galdetu nahi nioke izebari. Paradisu izendatzeko urte gogorrak izan ziren emakumeentzat gerra ondorengo haiek ere; arau moral zorrotzen pean, isiltasuna eta beldurra gailentzen baitziren.

Etxean ditugun zapata kaxa zaharretako argazkiek hamaika istorio dituzte gordeak, istorio mingarriak agian. Izeba, ni ere asko akordatzen naiz zurekin, eta badakit kontu asko dugula berritzeko. Kontatu behar didazu argazkiak ezkutatzen duen egia zein den. Muxu goxo bat…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!