Koronabirusa

Etxea, paisaia baino areago

Erabiltzailearen aurpegia Nora Urbizu Arozena 2020ko mai. 8a, 12:00

Ditxosozko konfinamendu egoera honek, hamaika hausnarketa jarri ditu gure pentsamenduen erdigunean. Beste askoren artean bada bat nire inguruko hainbat lagunekin komentatu dudana azken boladan; hain zuzen ere, gure bizi espazioen nolakotasunarena. Izan ere, ez da harritzekoa etxeratze egoerak eraginda gure habiak maitatzen edo gorrotatzen hasi izana.

Artikulu honetan, etxearen eta gaztelaniazko habitar kontzeptuaren inguruan hainbat hausnarketa partekatu nahi dut zuekin. Asko dira kontzeptu hauen inguruko lan ederrak idatzi dituzten idazleak; Pallasmaa, Giglia, Bachelard, Illich, batzuk aipatzearren. Beste ezer baino lehen, ordea, erabiliko ditudan kontzeptu hauen inguruko bi ohar. Batetik, idatzi honetan etxea kontzeptuak ez dio beti eraikinari erreferentzia egiten; zenbaitetan gaztelaniazko hogar kontzeptuak eskaintzen duen esangurari errepara diezaiozuen komeni da. Bestetik, habitar kontzeptua euskara ekartzen hasita, hiztegiak bizi gisa itzultzen du; hemen erabili nahi dudan esangurarako, ordea, ez nau asebetetzen eta gainera nahasmenera eraman gaitzakeela uste dut, ondorioz, habitatu erabiliko dut.

Habitatzea gizakiak munduarekin erlazionatzeko duen oinarrizko baliabidea dela dioenik bada. Hauen arabera, biztanlea ingurune batean kokatzen da, eta era berean, ingurunea biztanlearen kontzientzian; ingurune hori bihurtzen da izatearen azaleratze eta hedapena, ikuspuntu mental eta fisiko batetik ikusita. Pentsamendu honekin lotuko nuke, beste hau ere; habitatzea leku batean presente egitearen egitate antropologikoarekin lotuta dagoenarena, hau da, espazioan kokatua egotearena. Beste batzuk, habitatzea espazio bat sortzearekin, ulertzearekin, hautematearekin, arakatzearen edo markatzearekin lotzen dute, beste modu batera esanda bidean arrasto bat uztearekin.

Badira, habitatzea eraikitzetik eta zaintzatik oso gertu daudela sostengatzen dutenak ere. Zentzu honetan, habitatzearekin zuzenean lotzen dituzte etxearen forma, erabilitako materialak eta bertako bizilagunek ingurunearekin duten harremana. Hau, noski, guztiz kulturala da.

Dagoeneko jabetuko zen irakurlea, habitatu kontzeptuaren zabaltasuna zenbaterainokoa den. Esangura abstraktu ugari jasotzen dituen kontzeptua bada ere, ezin da ukatu habitatzea gizakiaren aktibitaterik oinarrizkoena eta unibertsalena dela, erabateko kultur fenomenoa, tokian toki aldatzen dena.

Zentzu honetan, etxea, habitatzearen adibide argienaren eta oinarrizkoenaren sinonimotzat jotzen da; babesa eta erreferentzia-puntua izatearekin lotzen delarik. Gaston Bachelard filosofoak idatzia da etxea, paisaia baino areago, arimaren egoera bat dela. Bikaina iruditzen zait etxearen ezaugarritze poetiko hau, nire ustez, etxea ez baita objektu edo eraikin soila. Oroitzapenak eta irudiak, desirak eta beldurrak, iragana eta oraina, errituak eta eguneroko errutinak gordetzen dituen kutxa da etxea.

Araututa behar luke bizitza duina bermatzen duen habitatzeko espazioaren nolakotasunak

Etxea, antzinako euskal pentsamenduan eraikinaz askoz harago zihoan erakundea zen; bizitza, familia, lurra, lana eta heriotza barnebiltzen zituena. Etxe bat, su bat; horra, galdu dugun kosmobisioa. Jakina da atzean utzi dugula etxearen ikuspuntu mistiko hori elementu askoren kaltetan, eta beste askoren onuran.

Egun, gure bizimoduaren araberako eskaerari erantzuten dioten eraikuntza motak ditugula irakurri diot egunotan hainbat arkitektori. Hau da, gaurko gure behar fisiko gehienak asetzen dituzten etxeak eraikitzen direla, funtzionalak. Belaunaldi bakoitzak bizitzeko modu desberdina duela, eta, ondorioz, hirigintzak eta hirien diseinuak bilakaera izan dutela denboran. Azken finean, etxebizitza, eskubideaz gaindi produktu bilakatu da, eta erosleen, erosteko gaitasunaren, interesen eta eskaeren arabera saltzen da produktu gisa.

Hortaz, esan liteke balkoi edo terrazarik gabeko eraikinak proiektatzea gure bizimoduaren ondorio dela? Nik ez dakit balioesten egungo erabiltzaileon bizi estiloaren, moda arkitektonikoaren edo hirigintzako araudi murriztaileen ondorioaren eragina diren eraikin berri ugariren balkoi eza, argitasun natural gabezia, etab.

Azken hamarkadetan, eraikuntzako materialaren kalitatean eta estetikan erreparatu da kalitate immaterialean baino gehiago. Etxebizitza bat ondo egon daiteke materialki, baina behar adina leku izan behar luke, argiztapen eta orientazio ona, balkoi edo terraza moduko espazio irekiak... Araututa behar luke bizitza duina bermatzen duen habitatzeko espazio horren nolakotasunak.

Urteetan alferrikakotzat jo diren espazio horiek, faltan bota ditugun arte, ez dira eztabaida publikoan sartu. Hona hemen, berrogei egunetik gora doan berrogeialdiaren ondorio positiboetako bat. Agian egoera honek utziko digun gauza onetako bat da arreta handiagoa jartzea habitatzen ditugun espazioei. Izan bedi ongi etorria!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!