Ahanzturaren zingira

Erabiltzailearen aurpegia Nora Urbizu Arozena 2020ko urt. 27a, 07:59

2016ko apirilean Mauthausengo kontzentrazio-eremuan izan ginen bi billabonatarren pistari segika; Alberto Beaufort eta Adolfo Lozano.

Lehena, 1945ean aske geratu bazen ere, bigarrena, 1941eko azaroaren 7an  Mauthausenen hil zen biriketako neumonia baten ondorioz. Noski, hau Mauthausengo artxiboan erregistratuta dagoen bertsio ofizialak dioena da. Batek daki, ordea, Lozanoren egia zein den.  

Mauthausen 1938an Austrian eraikitako kontzentrentrazio-eremua zen, eta hauek zituzten maila ezberdinen artean, behartutako lanen esparruarena betetzen zuen. Agi denez lan-behartuena oso ezaugarri nabarmena izan zen nazien ideologian. Izan ere, nazien pentsamendu errepresiboaren oinarrian kokatzen zen Vernichtung durch Arbeit politika, hau da, heriotzak kolpatu arte lan egitea. Egun, oraindik oso ezagunak diren enpresa-sare handia zegoen pentsamendu honen atzean. 

Mauthausen denborarekin eta esperientziarekin lan-eremu izatetik sarraski-eremu izatera igaro zen, datuek baieztatzen duten moduan. Iturri ofizialen arabera 90.000 preso hil ziren bertan; akabatu zituzten. Hotzikara sortzen duten datuok gurera ekarriz gero, hegoaldeko 91 euskaldunen izenak jasotzen dira erregistro ofizialean Mauthausen-Gusen kontzentrazio-eremuan hildako moduan (36 bizkaitar, 26 nafar, 24 gipuzkoar eta 5 arabar). 

91 euskaldun horien artean zegoen Lozano; Red Spanish War Volunteer gisara izendatua, hots, etsai politiko zuzenezin moduan. Heriotza nonahikoa den giro batean, naziek etengabe erakusten zuten heriotza baino zigor okerragoak bazirela. Alabaina, egunez egun duintasunez bizirik irauteko aukera eman zien ehundura sozial bat eraikitzeko gai izan ziren. 

Urtarrilaren 27an holokaustoaren biktimak oroitzeko nazioarteko eguna izango da eta nago, begiratu arren ikustea kostako zaigun hamaika irudirekin bonbardatuko  gaituztela komunikabideetan zein sare sozialetan. Irudi jasanezinak izango dira horietako gehienak, gizakion alderdirik krudelena eta, era berean, zaurgarriena agerian utziko dituztenak. Holokaustoaren biktimak oroitzeko bestelako irudi mota bat agertu nahi nuke Ikusmira(n) izeneko atal honetan. Uste dut irudi bakar batek baduela gaitasuna milaka lagunen ohorea eta duintasuna gordetzeko; horrelako irudia da honakoa. 

Mauthausen kontzentrazio-eremuko Applelplatz ibilbidea da argazkian ikusten dena; bertan faxismoari gorazarre egiteko ohiko keinu behartua egiten ari diren presoak ikus daitezke. Jakina da gorazarre modu honekin eskuin besoa tenkatzen dela, inolaz ere ez ezkerrekoa. Argazkia arretaz begiratuz gero, ordea, segituan ikusiko ditugu ezker besoa tenkatua duten hainbat preso. Zaila egiten zait sinistea argazkian agertzen diren presoek ezjakintasunez jokatu zutenik. Izan ere, argazkia 1941-1945 urte artekoa da eta ordurako faxismoaren atzaparrak Europan ondo zabalduak zauden; inor despistatua ibiltzea zaila zen. Erresistentzia-ekintza gisa irudikatzen dut argazki honetan ikusgai dagoena; xumea eta sinbolikoa, baina erresistentzia-ekintza argia. Are gehiago, bizia galarazi zazakeen ekintza sinbolikoa. 

Badira kontzentrazio-esparruetan bizitutakoa liburuetan jaso duten hainbat preso-ohi. Beste askoren artean da Imre Kertesz idazle hungariarra, Auschwitzeko kontzentrazio-esparruan preso izan zutena. Sin destino (2002) izeneko bere liburuan honakoa jasotzen du: «Esan dezaket, askatasunaren inguruan inoiz ez nuela entzun han presoek hitz egiten zuten bezainbeste». Kontzentrazio-eremu zein espetxe batean izan daitekeen askatasunaren inguruan asko idatzi da eta gehiago eztabaidatu da. Libre al da inor preso dagoelarik? Badira, eta ez gutxi, askatasuna sekula ez dugula galtzen dioenik; beti omen dugulako erabakitzeko zerbait. Eztabaidarako gai interesgarria, dudarik gabe. 

Kertesz-ek eta bere gisako beste hainbat idazlek kontzentrazio-esparruetan egunerokotasunean sortutako erresistentzia forma ezberdinez hitz egiten dute. Argitu behar da erresistentzia-ekintza horiek, oro har, ez zituztela balak ez eta gas-ganberak ere geldiarazten. Nahiz eta noizbait horrelakorik gertatu Auschwitzen Sonderkommando-en, –gas-ganbera eta errausketez arduratzen zen presoez osatutako komando berezia- eskutik, esaterako. 

Erresistentzia hitza entzunda seguruena, erresistentzia fisikoa edo aurrez aurrekoa etorriko zaigu burura. Baina kontzentrazio-eremuetan erresistentziak hainbat forma hartzen zituen, beste hainbat eremu errepresibotan gertatu ohi den moduan; izan isiltasuna, izan norbere hizkuntza erabiltzea, izan portaera txarra, edo izan argazkian ikus daitekeen desobedientzia. Zentzu honetan, gogoratu bestetik ez dugu aspaldi jarri gintuela Sarrionandiak hizkuntza batek duen giza erresistentzia eta askatasunaren gaineko boterean hausnartzen, bere euskara da gure territorio libre bakarra esaldi famatuarekin. 

Kontzentrazio-eremuan zutik irautea neurrigabeko erresilientzia ekintza zen. Zutik irautea ekintza fisikoaz haratago ulertuta, naziek egunez egun eragiten zuten deshumanizazioaren aurrean inkonformismoa adierazteko modua zen eta erresistentzia-adierazpen ezberdinak barnebiltzen zituen. Begi aurrean zuten izugarrikeria eta giza triskantza horren guztiaren antzera, benetako uneak ziren erresistentzia-ekintza hauek ere. Egoera anekdotiko gisa begitandu ditzakegu, kasik garrantzirik gabekoak izango balira bezala, baina egoeraren berri ematen dute hauek ere. Horregatik dakarkizuet gaur, holokaustoaren biktimen nazioarteko egunaren bezperatan, irudi hau; erresistentziaren arrakasta bera baino presoek zuten irauteko asmoa eta borondatea agerian geratzen baita. 

Berri Txarrak taldeak belarrira esan digun moduan, Norbaitek oroituko ditu etorkizunean, ahanzturaren zingira honetan gertatutakoak? Bada, gaur, gogorarazi nahi dut kontzentrazio-eremuetako zenbaki bakoitzaren atzean nortasuna, oroimena, hitza eta askatasun-egarria zituen herritar bat zegoela; 4148 zenbakiaren atzean, Adolfo Lozano Olazabal irakasle billabonatarra zegoen moduan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!