'Marujak' eta...

Erabiltzailearen aurpegia

Aspaldi eman zidan lagun batek zutaberako izenburu honen pista eta, azkena izango dudan honetan, erabili nahi izan dut, arantzatxo hori barnean gordeta gera ez zedin. Gaiarekin ondo lotzeko, haria baino ez nuen behar. Eta topatu dut haria.

Haria baino, mataza: Martxoak 8. Hauxe da gure mataza erraldoia. Izan ere, iazko aurreikuspen baikorrenak ere hautsi zituen, egun hartako greba feministak. Bai, hala da. Bigarrenez, mundua geratu genuen. Gure geldialdiak erakutsi zuen, gure bizkarren gainean erortzen diren lan karga guztiak guk egiten ez ditugunean, zailtasun handiak dituela jendarteak, aurrera egiteko.

Eta, zailtasunez ari garela, lehenengoa nire azalean bizitakoa. Lanean greba egingo nuela aurrez erabakia nuen, baita jakinarazia ere. Egun horretako soldatari uko egin, kaleak hartu, eta aldarrikapenak egiteko eguna zen. Ahaldunduta. Harro. Baina, zer egin, trukean soldatarik jaso gabe, egunero egiten ditugun lan horiekin? Horiei uko egiteko aukerarik ez nuen izan, nire umeak noraezean utzi nahi ez banituen, behintzat. Eta, inguruan jaso eta jazotakoaren arabera, asko izan ginen, geure burua egoera horretan izan genuenok. Seme-alabak norekin uzterik ez; bazkaria prestatu beharra; erlojuari begira, eguneroko antolaketa egin beharra,... Karga mentala deritzonak gure gain jarraitu zuen, Martxoaren 8an ere. Ederra ziria, hortaz, XXI.mendeko jendarte moderno honek emakumeoi sartu diguna: lan mundura irten gara, baina esparru pribatuak, oraindik ere, gure ardura izaten jarraitzen du, hein handi batean.

Emakumeen arteko solasaldietarako tarteak ere zabaldu genituen egun horretan. Kafetegiko mahaiaren bueltan ezin kontsumo greba deiari ere men eginez, eta plazan, paseoan, manifestazioan, kotxe karabanan edo herriko mobilizazioetan egin genituen tertuliak, Martxoaren 8an. Batzuek baietz, asko aurreratu dugula, gu txiki ginenetik espazio asko irabazi duela emakumeak kanpoan, eta etxeko martxa ez dagoela bakarrik gure esku; besteek ezetz, kontraesanez beteta gaudela, eta alferrikakoa dela egun batez horretaz jabetu, eta urtean zehar berdin jarraitzea; hirugarrenak, bezperan atera zituela izozkailutik egunerako beharrezko otorduak; bilobak beste norbaitekin uzteagatik haserretu zen amonarik ere bazen tartean; baita eskolan piper egite hutsagatik kalera irten zenik ere. Mobilizazioetan, hunkituta, negar malkorik isuri zuenik ere izan zen.

Eta, tartean, gizonei buruzko hainbat aipamen ere bai: Urliak jai hartu duela bere emazteak greba egin ahal izateko, eta hura goraipatzen aritu da baten bat; edo, etxeko lanak egiten abila den Sandia «etxerako moduko mutila» dela ere aipatu du beste norbaitek. Eta Berendiak «asko» egiten duela bere seme-alabekin. Tamalez, nekez entzungo ditugu horrelako adierazpenak, etxeko lanetan abilak diren, edo seme-alabekin «asko» egiten duten emakumeei buruz...

Hamaika kolore. Hamaika iritzi. Baina, gehienak ondorio batera iritsi ginen baikorrenek ere hala onartuta: Marujak gara. Marujak izaten jarraitzen dugu, hitzari konnotazio negatiborik emateko inongo asmorik gabe. Mototsik eta errulorik gabeko maruja modernoak. Egiten duten lan guztiaz ohartzen diren marujak. Begiak margotu eta ezpainak gorri ipintzen dituzten marujak. Kontraesanetan erortzen diren marujak. Marujak gara, bai. Baina ez hori bakarrik. Marujak eta zerbait gehiago ere bagara. Marujak eta... Ordenagailuaren teklatua azkenekoz astitzen ari naizen honetan, ez naiz ni izango, bigarren adjektiboa jartzera ausartuko dena. Baina, ba al irakurle edota idazle ausartik, zutabe honi amaiera emateko? Hordagoa mahai gainean duzue!

Eta, Hordagoarekin agurtuko natzaizue. Mila esker, txoko honetatik nire hitzak irakurri dituzuen guztioi, hauek idazteko aukera eman didazuenoi. Batzuetan gustuko, besteetan hautsak harrotuz,... Azken batean, iritzi egile baten lana hori baita, iritzia sortzea, gustukoa izan ala ez. Itsasora jauzi eta bustitzea. Lehor mantendu zaitezke, baina nago bizitza zirraragarriagoa dela, blai eginda amaitzen duzunean.

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzea nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!