Ereduak

Erabiltzailearen aurpegia Nekane Artolazabal Royo 2021ko uzt. 18a, 19:58

Gazte-gaztetatik izan dut ni baino helduagoa den jendea behatzeko joera. Nerabezaroan hasi nintzen ohitura horrekin, eta begiz jotzen nituen ni baino zaharxeagoak ziren pertsonak. Haiengan islatua atzeman nahi nuen etorkizun hurbileko neure buruaren irudia. Zer ikusi, hura ikasi, kalean, baina batez ere etxean. Hala jaso nituen bizitza ulertzeko modua, kirolerako zaletasuna, literaturarako grina… Den-dena zitzaidan baliagarri etorkizunean izan nahi nuen emakume heldua eraikitzeko, gaur egun naizen modukoa izateko.

Urteek aurrera egin dute, baina nik plagiatzeko ohitura hori ez dut galdu; are gehiago, zorroztu egin dut behatzeko gaitasuna —badakizu, adinak ematen duen jakinduria edo trebezia—, eta azkenaldi honetan 60 urte ingurukoengan jarria dut arreta. Esan beharra daukat, zorionez, gustuko eredu asko ditudala gertu-gertu, maisu-maistra apartak inondik ere: badut egunerokotasunean bizipoza etengabe bilatzen dakienik, etorkizunari ilusio eta gogoz begiratzen dionik, ikasteko grinaz jarraitzen duenik, errealitatea irizpide kritikoarekin aztertu eta gizarte justu eta hobe baten alde borrokan dabilenik… Horiengan ikusi dut adina ez dela arazo edo traba ilusio eta ametsak izateko, eskuzabaltasuna eta elkartasuna ez direla urteekin itzaltzen, eta dotoreak direla ilearen zuritasuna, aurpegiko zimurrak eta zahartzaroak oparitzen duen eskarmentua.

Urteek aurrera egin dute, baina nik 'plagiatzeko' ohitura hori ez dut galdu; are gehiago, zorroztu egin dut behatzeko gaitasuna [...], eta azkenaldi honetan 60 urte ingurukoengan jarria dut arreta.

Hausnartzen jarrita, konturatu naiz ni neu ere gazteagoentzako ispilu izan nintekeela. Ama naizenez, seme-alabek izan dute non begiratua bizitza ulertu eta bizitzeko moduan, lantzen dituzten zaletasunetan, zenbait erabaki garrantzitsu eta ez hain garrantzitsutan... Gustukoa dutena kontzienteki hartuko zuten, ezbairik gabe, eta horren onargarriak iruditzen ez zaizkien beste zera batzuk inkontzienteki egingo zituzten bere. «Nolako zura, halako ezpala», dio esaera zaharrak, eta ez zaio arrazoirik falta. Irakasle ere banaizen aldetik, pentsatzen dut nire eskoletatik pasatako ikasle askorentzat eredu izango nintzela: batzuentzat ona, beste batzuentzat erdipurdikoa, eta gainerakoentzat txarra —zer egin behar ez den ere ikasiko zuen batek baino gehiagok nire kontura—. Erne ibiliz gero, denetarik ikas liteke.

Eredu kate honetan ez da inor libratzen. Guztiok izan gara eta izango gara beste norbaiten eredu, batzuetan egokiak, desegokiak beste batzuetan. Gazteak jo puntuan ditugun honetan, lupa jarria daukagu zenbaiten portaera arduragabean. Imitatuz ikasten dugula argi badugu, ispilu pitzatuetan begiratzen dugula onartzen hasi beharko genuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!