Orain eta hemen

Erabiltzailearen aurpegia Nekane Artolazabal Royo 2021ko mai. 8a, 19:58

Bi mila eta hamazazpian izan zen. Zumalakarregi ibilbidean Amaiarekin egin nuen topo, ikaskide ohi batekin. Aspaldi zen ez genuela elkar ikusten, eta, kortesiak agintzen dituen formulak esanda, Whatsapp talde batean sartu nahi ote nuen galdetu zidan. Talde haren helburua, 50 urte betetzen genituenean bazkari bat antolatzea. Gustura eman nion nire telefono zenbakia, eta, agur esan ondoren, betiko eginkizunetara bueltatu nintzen.

Etxera iritsi nintzenerako banuen telefonoan talde hartan parte hartzeko gonbidapena. Polita eta hunkigarria iruditu zitzaidan ikaskide ohiekin berriz elkartu eta bizitza nola joan zitzaigun ikusteko aukera izatea. Beraz, lehenengo agur mezua idatzi nuen proposamen batekin. Ez dut hitzez hitz gogoratzen zer jarri nuen, baina halako zerbait zen gutxi gorabehera: «Bizitzak ezustekoak ematen dituenez, zergatik itxaron eta ez aprobetxatu parada bazkari bat antolatzeko artean talde honetan gaudenokin?». Amaiak bakarrik eman zion baiezkoa nire proposamenari; beste inork ez zuen ezer aipatu.

Profetikoa izan zen mezu hura. 2020an bete genituen 50 urteak. Tartean, zoritxarrez, taldeko lagun bat betiko joan zitzaigun, gazte, oso gazte. Eta, gerora, pandemia bat etorri zen. Beraz, ezinezkoa izan zen iaz elkartzea eta gure mende erdia ospatzea.

Errealitatea da zu orain eta hemen zaudela, nik idatzitako artikulu hau irakurtzen. Agian, egongelako besaulkian izango zara, lasai eserita, edo sukaldeko mahaian, irakurri bitartean eskuan baso bat ardo duzula. Orain eta hemen. Beste guztia buruaren jolas tranpati eta mugatzailea da.

Bizi dugun egoera honen ondorioz, beldurrak airean dabiltza nire inguruko asko, eta utzi egin diote gustuko zituzten zenbait gauza egiteari: ez dira lagunekin elkartzen, ez dira zinemara joaten, ezta kontzertuetara ere, ez dute besarkadarik eman eta jasotzen… Kezkagarriena zait batzuk eroso sentitzen direla beren beldur horretan. Baina ahaztu egin dute beldurrak errealitatetik urruntzen gaituela beti, arrastaka baina indar handiz balizko agertoki zorigaizto batera eramaten gaituela, BA-LIZ-KO-A, ez erreala, eta ia beti hauspotua, hanpatua, puztua. Errealitatea da zu orain eta hemen zaudela, nik idatzitako artikulu hau irakurtzen. Agian, egongelako besaulkian izango zara, lasai eserita, edo sukaldeko mahaian, irakurri bitartean eskuan baso bat ardo duzula. Orain eta hemen. Beste guztia buruaren jolas tranpati eta mugatzailea da.

Gaixotasun honek agerian eta nabarmen zerbait utzi badu, nire ustez, hauxe da: gaur bagarela, baina bihar, agian, ez. Beldurra, beldurra baino ez da, eta, kantak esaten duen bezala, «denborak aurrera egiten du etengabean». Zail egiten zaigu, baina uxa ditzagun beldurrak eta balia dezagun orain eta hemen honek sortzen dizkigun aukerak egin nahi ditugunak egiteko, galdutako aukerak, ia beti, betiko galtzen direlako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!