Irakasle baten gutuna

Erabiltzailearen aurpegia Nekane Artolazabal Royo 2021ko mar. 6a, 19:58

Kaixo, Aran. Zer moduz zabiltza? Familia, ondo? Ni, lanpetuta. Dakizun bezala, irakasle lanak ez du atsedenik, eta, eskolan emandako orduez gain, askotxo sartu behar izaten ditut etxean, prestaketa lanetan eta azterketak zuzentzen.

Azken gutunean kontatu nizun nerabeekin aritu behar nuela lehenengo aldiz ikastetxe batean. Pena da pandemia lazgarri honen erdian aritu behar izatea, eta eragozpen dezente izaten ditut eskolak emateko: protokoloa zorrotz betetzeaz gain, askotan ikasleak itxialdian izaten ditut; beraz, telematikoki aritu behar haiekin. Batzuetan gutxi batzuk izaten ditut etxean eta beste guztiak gelan; beste batzuetan ikasle guztiak etxean eta ni bakarrik gelan. Ezinegona eragin dit horrela lanean aritu beharrak, ez pentsa. Ez da erraza, baina ahalik eta txukunen egiten saiatzen naiz.

Eskolan guztiok maskara jantzita izateak ere arazoak sortu dizkit; besteak beste, ikasleen izenak ikastea. Ama! Beti pentsatu izan dut abila nintzela izenak aurpegiekin ezkontzen, baina konturatu naiz askoz zailagoa dela izenak begiradekin lotzea. Irribarre maltzurrak, lotsatiak… dena estali du maskarak, baita ikasleen aurpegiek kontatzen dutena ere. Lehen, ikasleari begiratu hutsarekin banekien azalpena jarraitzen ari zen edo ez, ulertu zidan edo ez… Egun, begiradarekin bakarrik, zail da antzematea zer ari zaion burutik pasatzen.

Ni ez naiz aditua kontu horietan, baina uste dut ikasleek ezagutza akademikoez gain beste behar batzuk dituztela oraintxe bertan

Ikasleak ere ez ditut bere onenean ikusten. Eskolak telematikoki jaso behar dituzte batzuetan. Jaso bai, baina jarraitu? Saiatzen naiz eskolen formatua aldatu eta erakargarriago egiten, baina, arreta mantentzeko arazoak badituzte, zer etekin atera behar diete nire azalpenei? Etxeratua izan dudan talde bateko ikasleei galdetu nien zertan ematen zuten denbora, eta arratsaldeak lo pasatzen zituztela azaldu zidaten batzuek, gehiegi pentsatu gabe denbora azkarrago pasa zedin.

Zenbaitzuk beren logelan bakartuta egon dira 10 egunez. Batzuentzat lehenengo itxialdia; beste batzuentzat bigarrena, edo hirugarrena. Aspertuta daude, gogaituta egoerarekin, beldurra eta ezinegona ere nabaritzen da zenbaitengan; antsietate krisiak pairatzen dituzte batzuek...

Eta, panorama honetan, susmoa daukat Hezkuntza Sailaren kezka nagusia curriculuma betetzen den edo ez ziurtatzea dela eta ez egoera honek eragindako bestelako premiei erantzutea. Beti bezala, baliabideak falta dira, edo emozioak kontuan hartzen dituen irakaskuntzaren inguruko interesa. Ez dakit.

Ni ez naiz aditua kontu horietan, baina uste dut ikasleek ezagutza akademikoez gain beste behar batzuk dituztela oraintxe bertan. 20 urte barru, pandemiaz hitz egiten dutenean, zer kontatuko diete seme-alabei, etxean bakartuta 10 egunez egon ondoren eskolara bueltatu eta azterketez josi genituela? Ez nuke nahiko.

Luzatzen ari naiz nire gogoetekin; ez dizut bestelakoetarako astia lapurtu nahi. Zure berri izateko irrikan nago. Idatzi ahal duzunean, bale? Komunikatzeko modu berriak nagusitu diren garaiotan, polita iruditzen zait guk biok gutunak idazteko ohiturari eutsi izana.

Laster arte, maitte!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!