BABESTUTAKO EDUKIA

Mallorcako txoko sekretuak

Erabiltzailearen aurpegia

Mallorca uhartea aipatzen digutenean batzuetan topikoak etortzen zaizkigu burura, ingelesez eta alemanez betetako hondartzak, txiringitoak… Baina Mallorca ezagutu behar da. Horretarako kotxe bat alokatu eta uhartea ikertzera animatzen zaituztegu.

Iparraldean, Arta herrialdea bisitatuz gero, inguruko kalak ezin dituzue galdu, gainontzekoak baino basatiagoak dira, oso politak. Hiru kala jarraian daude: Estret, Mitjana eta Torta… Benetan merezi dutela!

Bestalde, Cala Ratjada izeneko arrantza portu txiki hau inguruan dago. Handik beherantz Colonia San Pere, bere ur gardenekin.

Uhartean mendi bueltak eta bizikletan ibiltzeko errepide ugari daude, aukera handiak eskaintzen dituztenak gainera.

Lasaitasun bila bazaudete, Orient herria ezagutzera animatzen zaituztegu. Tramontanako mendilerroan dago, eta Mallorcako gune emankorrenetako batean aurkituko zara bertan zaudenean. Naturaren mirari bat da, eta bertan naturarekin erlazionaturiko jarduera ugari egin daitezke: trekkingak, bizikletaz paisaia paregabeak ezagutu edota urpean igeri egin, besteak beste.

Hegoaldean Es Trenc hondartza dago; luze-luzea eta polita, Las Covetas herriaren ondoan kokatuta, babestutako gune naturala da, eta handik gertu Salinas del Trench dago. Bertako lorategi tradizionala ikusgarria da; bertan biltzen baita Mallorcako urre txuria! Gatza.

VERONICA BALDA, ENARA ETXEBERRIA MYRIAM GURRUTXAGA

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!