BABESTUTAKO EDUKIA

Lobos uhartea

Erabiltzailearen aurpegia

Uda hau ez da erraza izaten ari, baina hona hemen aukera bat.

Loboseko irla. Badakizue non dagoen?

Fuerteventura irlatik 15 minutura. Fuerteventura Kanaria uharteetako bigarren irla handiena da eta ehun kilometrotara dago Afrikako kostaldetik.

Uharte hau ezaguna da uretako kirolen eskaintzagatik: surfa, windsurfa eta uretako eskia, batik bat.

Hondartza zuriak ere ikus daitezke, 150 kilometro bitarteko hondartzak zabal eta lasaiak ditu.

Iparraldean, Corralejo hiritik hartzen dira ferryak Loboseko irlara joateko, 15 minututan bertan egon zaitezke. Irla hau oso txikia da eta orain dela gutxi arte gertuko kostetan itsas lehoiak eta fokak bizi zirelako hartzen du bere izena.

La Caldera da uharteko punturik altuena, 127 metrora kokatuta dago eta 4,5 kilometro karratu baino ez ditu. Lobos parke naturala izendatu zuten 1982ean, bere itsas hondoengatik.

Aforoa mugatuta dago, eguneko 400 pertsona baino ezin dira sartu, gainera aurretik egin behar da erreserba, bertara joan ahal izateko.

Irla honen urak urdin gardenak dira, eta hondartzak oso politak, lasaiak. Snorkel egiteko oso aproposa da.

Irla ezagutzeko, oinez egin daiteke. Kontxa hondartzatik hasi zaitezke bainutxo bat hartuz, Marrajoko gatzagetara joan zaitezke ondoren, eta La Caldera sumendia igo. Bertatik bista paregabeez goza daiteke, Corralejoko dunak ikusten dira.

Handik jaitsi eta Martiñoko itsasargira iritsiko gara, eta bertatik Lanzaroteko hegoaldea ikusi daiteke. Bidea jarraituz Las Lagunitas zonaldera arte iritsi gaitezke, gorri koloreko loreak daude bertan, harri bolkanikoak tartean direla, irudia magikoa da.

Gero Puertito de Lobos herri txiki-txikia bisitatu daiteke, arrantzaleentzako etxeekin osatutakoa. Ezin deskribatu ur kolore turkesek zein polita egiten duten ingurua!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!