Costa Rica, aberatsa eta lasaia

Erabiltzailearen aurpegia Myriam Gurrutxaga eta Enara Etxeberria 2018ko ira. 10a, 10:12

Uda jada joaten ari zaigu eta, zer iruditzen zaizu Costa Ricari buruz hitz egiten badugu. Leku oso aproposa iruditzen zait irteera berezi bat egin nahi dutenentzat, zer diozu?

Ba niri asko gustatzen zaidan leku bat da, eta jendeari ere asko gustatzen zaio. Natura, berdea, animaliak, itsasoa,… guzti hori datorkit burura Costa Rica entzuten dudanean.

Zer esan genezake orduan?

Hasteko eta kokatzeko, Erdialdeko Amerikan kokatua dagoen herrialdea da Costa Rica, zazpi probintziez osatua. Nikaragua iparraldetik, Karibe ekialdetik, Panama hego-ekialdetik eta Pazifikoa ditu mendebaldetik muga egiten.

Eta bertako kulturari buruz hitz egiterako orduan?

Oso aberatsa da, eragin desberdinengatik, bai indigenak, europarrak, afrokaribearrak eta baita asiatikoak ere. Hortaz, esan genezake, nahasketaz beteriko lurraldea dela, etnia desberdinekin. Multikulturala.

Eta ekonomiari buruz hitz egin behar badugu?

Mistoa dela esan genezake, bere garaian nekazaritzatik bizi ziren batik bat, baina denborarekin zerbitzuek indar handia hartu dute, batez ere, turismoaren eraginez.

Ildo horretatik jarraituz, esan-esan, zer ikus daiteke Costa Rican?

Ba denetik ia, egia da Costa Ricak paraje desberdin paregabeak eskaintzen dizkigula, parke nazionalak, sumendiak, itsasoak, basoak, …

Nondik hasi gintezke?

Ba aukera ona izaten da, behin San Josera iritsi eta Tortugerotik hastea, parke nazionala da eta ikaragarri ikusgarria da. Urmaela handi batez inguratua, itsasoa alde batean eta basoa bestean, animaliaz josiak, oso ezagunak dira inguru haietako dortokak, baina baita tximu, krokodilo, manati, puma eta beste hainbeste animalia ere. Handik aukera desberdin asko daude, Karibeko aldetik baita Pazifikorako bidean ere. Ikusgarria da baita ere Manuel Antonioko Parke Nazionala, Corcobadokoa eta ezin dugu bisitatu gabe utzi Arenaleko Parke Nazionala bere sumendiarekin. Eta hauek adibide batzuk besterik ez dira, ezagunenak ziurrenik eta handienak, baina asko daude eta denek daukate xarma berezi bat. Ibilbidearen arabera bata edo bestea aukera genezake. Eta trekkingak egiteko oso leku aproposak daude. Tirolinak, raftingak eta halako abentura kirolak egitea ere oso ohikoa da bertan.

Eta hondartzak, zer nolako hondartzak topa ditzakegu?

Ikaragarriak. Benetan paradisuan zaudela dirudi, hondartza kilometrikoak, ia inorekin elkartzen ez zaren horietako batean bainatzeak ez du preziorik, eta aukera handia dago! Badaude pixka bat turistikoagoak ere, baina orokorrean hondartza oso handiak direnez lasaitasuna sumatzen da, eta surflarientzako ere txoko berezi asko daude, hango olatuak direla eta. Manuel Antonioko hondartzak, Tamarindokoak edo Santa Teresak esate baterako. Benetan euretan egun batzuk lasai pasatzeko, beste ezer egin gabe disfrutatuz eta gozatuz.

Uf, pentsatzeak bakarrik, korrika aireportura joateko gogoa pizten dit, nola heldu gintezke bertara?

Hegaldiak egunero daude San Jose hiribururaino, puntu askotatik iritsi gintezke, eta hara joateko pasaportea bakarrik behar denez edozein momentutan joan gintezke, ez da txerto edo ezer berezirik behar. Handik mugitzeko aproposena edo erosoena behintzat auto bat alokatzea izaten da, paraje natural askotara iristeko bide bakarra baita, nahiz eta bestela ere mugitzeko aukera asko dagoen. Autoa hartzerako orduan, kontuan hartuta euria urte guztian zehar egiten duela, aproposena 4x4 motako auto batekin mugitzea izaten da, badaezpada ere. Ostatu desberdin asko daude, aukera nahiko zabala dago, hondartza inguruetan etxola oso polit eta erosoak daude, lasai-lasai deskonektatzeko, eta itsasoari begira egoteko.

Eta mokadutxo baterako gogoa badugu, zer jan genezake?

Arroza asko jaten da, oilaskoarekin batez ere, frijoleak ere asko erabiltzen dituzte, eta gauetan ere ohikoa da chifrijo izenekoa (txerri txitxarroai, arroz, frijoleak eta chimichurria platano frijituz lagundua). Fruta tropikalek ikaragarrizko zaporea dute, piña probatu. Hala ere, zonaldearen arabera nabaritzen da janari desberdinen eragina. Probatu.

Oso leku aberatsa eta lasaia dirudi, benetan gomendagarria.

Deskubritu! Puerto Viejon bazaudete, Flip & Flop jatetxetik pasa, giro bikaina izaten da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!