Dena du Kubak

Erabiltzailearen aurpegia

Bidaia aholkularien arteko elkarrizketa batean...
Aizu, zuri zer bururatzen zaizu Kuba esaten dizudanean?
Niri, koloreak, jendea, musika, erritmoa, hondartzak, puruak, dantza, alaitasuna, bizia…
Askotan entzun izan dugu Kubari buruz… eta guk zertzeladatxo batzuk kontatuko dizkizuegu.

Zein leku aukeratuko zenuke gustukoena bezala?

Leku bat aukeratzea ezinezkoa dela esango nuke, baina zona berezia iruditzen zait Pinar del Rio probintzia, eta ematen dituen aukera guztiak. Bailara bat da. Habanatik oso urrun ez dago, eta Habanako bizi eta mugimendu handitik pixka bat lasaitasun bila joan nahi baduzu, gerturatu hara!

Eta nola joan gintezke?

Barneko zona bat da, eta egun osoko irteerak dauden arren, bertako inguru guztiak lasai ikusteko, auto bat alokatzea da erosoena.

Bidean Cogoteko begiralekua dago, ikaragarrizko bistak daude bertatik. Mendi tontor batzuk daude, lur eremu lau batetik irteten direnak. Ikusgarria da.

Kuban dauden tabako plantazio gehienak hemen daude, «Habanako puruak» hemendik irteten dira.

Handik gertu, La Cueva del Indio deritzon koloreetako kobazulo bat aurkituko dugu, eta barnea txalupa txiki batekin zeharkatuz bisitatzen da.

Eta badaude hondartza paradisiakoak, non baina?

Ba Cayoez gain, zona polit bat hegoaldeko Guardalabaka ingurua da, Holguineko probintzian dago, hemen Karibeko hondartza politenetakoak daude, Cayo Saetia eta Playa Esmeralda.

Eta handik gertu, Barakoa, Guantanamoko hiri bat da, hemen kokoa eta kakaoa landatzen dira. Handik gertu bazabiltzate Barakoa nahitaezko bisita iruitzen zait.

Eta esan, musika eta erritmoa diogunean, zer datorkizu burura?

Ba hortxe daukagu Compay Segundo adibidez, konpositore eta musikari kubatarra, gitarra jotzaile hasi eta gero tres kubanoa, klarinetea eta bongoa jotzen amaitu zuena. Gonbidatzen zaituztet bere musika entzutera. Bai bakarka baita Buenavista Social Club taldean ere, a ze erritmoa! Ezin ahaztu, noski, Tamara Portuondoren ahotsa, Pablo Milanesen goxotasuna, Celia Cruzen indarra edota Silvio Rodriguezen poesia, besteak beste.

Kuba osoan zehar, musika tipikoa entzuteko aukera asko dauzkagu, bai Habanako Alde Zaharrean, baita zentroko herritxoetan ere, eta baita Santiagon ere. Ez galdu aukerarik!

Eta oso garrantzitsua den beste zerbait, janaria?

Kuban ere ondo jaten da, eragin afrikarra, arabiarra eta espainiarra ditu, eta guzti honen nahasketa eta bat egitea da.

Janari tipikoena arroza oilaskoarekin eta arroza frijoleekin da. Kubako etxeetan paladarrak daude, eta han oso tipikoa da otarrainak jatea. Ezin etorri paladar batetik pasa gabe.

Edariei buruz hitz egin behar badugu, rona azpimarratu beharko genuke, edari tipikoa baino zerbait gehiago da. Bai bere osotasunean, eta baita cubalibre, daiquiri eta mojitoekin ere erabili genezakeena.

Historian zehar, zer azpimarra genezake?

Kubako iraultza. Ameriketako estatuetan egin zen lehengo iraultza izan zen, eta hau kapitalismoaren aurkako ikur bihurtu zen. Gerrillarekin, Fidel Castrok emango zion hasiera mugimendu iraultzaile honi eta protagonista desberdinak elkartzen hasi ziren, Che Guevara, besteak beste. Hauen berezitasunen artean, irlako errekurtso nagusienak nazionalizatzeaz gain, ekonomia planifikatu bat ezarri zuten. 50 urteetan zehar Fidel Castro izan dute agintari, bere anaia Raulek lekukoa hartu dion arte.

Eta nola bukatuko genuke bidaia hau?

Ba derrigorrezkoa da Habanan egun batzuk pasatzea eta bizitzea. Habana zaharretik galtzea, malekoitik paseatzea edo korrika saiotxo bat egiteak eman diezazukeen sentsazioa bizitzeak!

Kubak oso-osorik harrapatuko zaitu!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!