51. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Urteroko errituala

Erabiltzailearen aurpegia Migel Zeberio 2019ko aza. 1a, 13:46

Urteroko erritualari ekin diogu berriz. Leidor antzokiaren barrunbeek irentsi gaitzaten utzi, urteroko aurpegiak, aurkezpen manerak, urtebete gehiago azaltzen duen kartel grisa, urtero berritzen den loreztapen minimala behatu eta aurrera!

Lehen saioan, polifonian eta folklorean, Indonesiako Consolatio Choir Universitas Sumatera Utara, Alemaniako Collegium Musicum Berlin Chamber Choir eta Suitzako Mannerstimmen Basel abesbatzak aritu dira.
 
Murgildu gara jada koruen mikrokosmos honetan, bakoitza berean baina ondokoak egiten duenari begiradarik kendu ezinda. Alemania, Indonesia eta Suitza aurrez aurre, hiru proposamen eta musikaren bizipen desberdin. Herri alpetarra, nahikoa gertukoa izanik, presentzia urrienetariko izan duen nazioetarikoak ditugu eta aspaldiko partez gizonezko gazte taldea. Arriskutan zuhur, bide labainkorregietatik galdu nahi ez eta sonoritate konpaktuzko talde ederra osatzen dute.
 
Indonesiarren bi agerraldien artean aldea nabaritu dut, polifoniaren eredu hertsiagoan otzan, dagokion izpiritua urrun izango bailitzaien, herri musika eta garaikidearen alboan berriz askeago, erosotasunaren epelean. Erritmikotasunaz baliaturik fin baina Azurzaren kirikoketa makil jokoan trumilka zenbaitzuetan, tempoari ezin eutsirik. Ederrak dira edonola, Indiako ozeanoko irletara ametsezko soinu bidaian eraman gaituzten bezalako tarteak, amultsuak.
 
Esango nuke berlindarrek eskaini digutela arratseko eduki lehiakorrena eta konprometituena; sinkronizazio arinak oro har, H Schutz bezalako joskera landuetan bereziki. Azurzaren obra behartuaren irakurketa ulergarria eta H Koesler-en erromantizismoaren zertzelada espresiodun bezain ezezaguna. Folklorean egun bizi dugun mestizaia izan du isla; Europa Ekialde edo Ekialde Hurbileko erritmoak bolo bolo, hauekin batera ordea B Engelbrecht-en doinu ezagun ondo burutua edo aspaldian entzuteko plazerik izan ez dugun Sorozabalen Nire Maite Pollita harribitxia. Iruzkinik egiteko, une oro erabili duten dinamika muga apala aipatuko nieke zabaltzeak koloreen paletan aukera berri anitz eta aberats eskuragarri jarriko lizkiekeelakoan naiz.
 
Eta urterokoari jarraikiz, ondorengo egunetan nire belarriek jasotzen dituzten ñabardurak idatziz azaltzeko ausardiaz jarraituko dut.
Erlazionatuak

Collegium Musicum Berlin Chamber Choir

Tolosaldeko Ataria 2019 aza 01 Tolosa

Mannerstimmen Basel

Tolosaldeko Ataria 2019 aza 01 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!