Koronabirusa

Polizia vs. birusa

Erabiltzailearen aurpegia Manex Gurrutxaga Muñagorri 2021ko ots. 14a, 19:58
Urretxu eta Zumarragako banatzen duen zubia. ATARIA

Ia urtebete da gure bizitzak parentesi luze honetan murgildu zirenetik. Nahikoa denbora badela deritzot ondorio orokor batzuk ateratzeko. Horietako bat, nire iritziz, oso argia da: mendebaldeko estatuetako gobernariak ez dira gai birusaren hedapena mozteko eta egoera kontrolatzeko, eta are gutxiago pandemia gainditzeko. 

Horren adibide da birusa deuseztatzeko esperantza guztiak txertoan jarri izana. Gainera, orain, txertoak prest daudenean, azkar eta forma masiboan zabaltzeko talenturik ez daukate.

Agintarien ezintasunak eta eskrupulu faltak, tamalez, ez gaitu sorpresaz harrapatu. Zentzu horretan, bigarren ondorio bat ere aipagarria da: urtebete honetan, neurri eraginkorrak hartu eta osasun baliabideak areagotu baino, gobernuek indar armatuak hornitu dituzte. Hau da, birusaren hedapenari erantzun sanitarioa eman ordez izaera errepresiboa duen erantzuna ematea lehenetsi dute.

Izan ere, birusaren hedapena eteteko osasun neurriak sustatu ordez, jende pilaketa handiak ekiditea esaterako, jazarpenaren eta kriminalizazioaren bidea indartu dute. Jazarpena, beldurra duen eta esanekoa den langile klasea lortzeko, protestarako aukera oro murrizteko helburuarekin. Kriminalizazioa berriz, agintariak egiten ari diren pandemiaren kudeaketa interesatua eta katastrofikoa seinalatu ordez, egoera eskasaren erantzukizuna gure bizkar gainean jartzeko.

Gobernuek, [...] kapitalaren interesen defentsa lehenetsi duen kudeaketa bultzatu dute eta hori bermatzeko indar armatuak boterez eta inpunitatez hornitu dituzte

Hori lortzeko, Madrileko gobernuak, bi euskal alderdi nagusiren babesarekin, poliziei soldata igo die. Horretaz gain, masa komunikabideen laguntzarekin eta propaganda ideologikoari esker, jazarpenaren eta zigorraren kultura zabaldu dute. Gainera, kontrol soziala eta presentzia poliziala areagotu dute. Egoera horrek, birusaren zabalpenarekin batera, langile klasearen hainbat sektoretan etxetik ateratzeak ere beldurra sorraraztea eragin du, indar armatuen despotismoa eta arbitrariotasuna areagotu den bitartean.

Pandemia bati erantzun egokia ematea, nire ustez, masa zabalen osasuna guztiaren gainetik lehenestea da eta bistan da sistema kapitalistak eta demokrazia burgesak horretarako gaitasunik ez daukatela. Gobernuek, alderdi guztien oniritziarekin, kapitalaren interesen defentsa lehenetsi duen kudeaketa bultzatu dute eta hori bermatzeko indar armatuak boterez eta inpunitatez hornitu dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!