Okupak

Baten batek hasperen egingo du izenburua irakurri orduko, eta ez da harritzekoa, gaia aitzakia hartuta komunikabideek abiarazi duten bonbardaketa ideologikoa ez baita nolanahikoa izaten ari: erreportajeak, albisteak, segurtasun-enpresen iragarkiak eta abar luze bat dira masa-komunikabideetan eguneroko ogia. Kanpaina horren izaera manipulatzailea eta kriminalizatzailea seinalatzeko erabili nahi dut estreinako testua.

Begi-bistakoa da okupazioaren gaineko desitxuraketa eta manipulazio saiakera batean oinarritzen dela kanpaina, bestela ezin baita azaldu hainbat fenomeno okupazioaren zaku berean sartzeko erakutsi duten grina. Etxeetan lapurretara sartzea, familiak oporretan dauden bitartean beraien etxeak auskalo zertako erabiltzea edo narkopisuak sortzea esaterako, ez dira okupazioa.

Okupazioa, jabetzak pilatzea ezinezkoa zaion gizarte klase horrek ondasun sozialera sarbidea lortzeko daukan bitarteko bakarretakoa da, nahiz eta okupazio ekintza bakoitzaren atzean dagoen borondatea politikoa, soziala edo biziraupenerako instintuak mugiarazitakoa izan daitekeen. Hau da, okupazioa halabeharrez gaitz sozial batekiko erreakzioa da.

Agian, gaitz sozial horren areagotze baten atarian gaudelako ari dira okupazioa satanizatzeko hainbeste indar eta diru inbertitzen. Krisi batetik atera gabe eta handiago bati belarriak ageri omen zaizkion garai hauetan, aurreikusgarria dirudi masa zabalentzat kalitatezko etxebizitzarako sarbidea are eta gehiago mugatzea. Etxerik ez izatearen gaitza sufritu behar duen horri ez dakiola burutik pasa bere kabuz eta antolakuntzari esker bankuen etxebizitzaren batera sartuz gaitzari amaiera ematea.

Kalitatezko etxebizitzarako sarbidea doakoa eta unibertsala ez bada, okupazioa izango da etxebizitzarako aukera bakarra zenbaitentzat. Gustatu ala ez. Bitartean, etxebizitza sindikatuak eta espazioen babes sareen gisako antolakuntzak zilegi ez ezik, etikoki betebehar bat ere badira, ene ustetan. Hori baina, gaitzarekiko erreakzioa da, autodefentsa. Erroa sakonagoa da: esfortzuz eta urteetan irabazi daitekeen sari bat baino, gizaki izate hutsaren ondorio behar luke kalitatezko etxebizitzak Hori bermatu dezakeen gizarte antolamendua merezi dugu.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!