Kolore arrosaren iraultza

Erabiltzailearen aurpegia Maite Asensio 2021ko urt. 15a, 19:58
Haurrak eskolara; mutila motxila arrosa soinean. M. ASENSIO

Gabon inguru honetan jostailuen katalogoek urtero sortzen duten eztabaida bat aprobetxatu nahi nuke, gai jakin baten inguruan hitz egiteko. Jostailuak neskentzat edo mutilentzat sailkatzearen kontua, zaharkitu xamarra geratu dela esatera ausartuko nintzateke. Baina adinean aurrera joan ahala, askatasun hori, ikustea eta bizitzea geroz eta zailagoa dela, jakin ere badakit.

Ama izango nintzela jakin nuenean berehala, eskatu nien ingurukoei, ez oparitzeko kolore arrosa edo urdina zuen arroparik eta iraultzaile sentitu nintzen erabaki hori hartu nuenean. Semeek kolore desberdinetako arropak izan zituzten, beraiek aukeratzeko gaitasuna izan arte. Biei gustatu izan zaie azazkalak margotzea, zaharrenari behintzat lau urte zituela, hori nesken kontua zela esan zioten arte. Orduan hasi nintzen konturatzen, jendartean oraindik aurreiritzi asko genituela, eta gurasook aurreiritzi horiek seme-alabei transmititzen dizkiegula. Baina lehen iraultzaile sentitu nintzela esan badut ere, gure etxera iraultza seme txikiarekin etorri zen. Txikitatik gustatu izan zaio kolore arrosa. Printzesen mundua maite du, baita kamioiena ere. Bere gustuko gauzak aukeratzen hasi zen egunetik, aukeratu izan ditu, ahal duen guztietan, arrosa koloreko gauzak. Momentu horretan bertan konturatu nintzen ordea, «ni, ez nintzela hain iraultzailea» izan ere, nik neuk, nire kabuz, ez nien inoiz arrosa koloreko arroparik erosi. Eta horrela hasi zen gure familiako guda txikia. Izan ere, zerbait erostera joaten garen bakoitzean, nahi gabe bada ere, dendariek desberdin sentiarazten dute semea. Bere begiekin ikusten baitu, bere gustuko kolorea edo marrazkia duten hori, alde batera uzten dutela. Orduan, beti entzun behar izaten du amaren edo aitaren ahotsean, «Arrosa edo more kolorekorik baduzue? Guri asko gustatzen zaizkigun koloreak dira». Eta ez, niri ez zaizkit kolore horiek inoiz gustatu, nire semeari gustatzen zaizkio, baina nolabait babesa eman nahian esaten dugu, nekagarria baita zerbait erostera joaten garen bakoitzean azalpenak eman behar izatea.

Eta horrela hasi zen gure familiako guda txikia. Izan ere, zerbait erostera joaten garen bakoitzean, nahi gabe bada ere, dendariek desberdin sentiarazten dute semea.

Badakit, hori entzuten duen bakoitzean, desberdin sentiarazten dugula, badakit, beste haur batzuek ere batzuetan desberdin sentiarazten dutela beraien aurreiritziekin, baita helduek ere, arrosez jantzitako mutikoa begiratzen dutenean. Baina arrosa kolorea gustatzen zaion haur bat besterik ez da, zer gustatzen zaion eta zer nahi duen argi duena, eta hori inork inoiz bere aurreiritziekin aldatzerik nahi ez nukeena. Tontakeria bat dirudi, baina batzuei, arrosa kolore bat besterik ez dela gogorarazi behar zaie, etiketarik gabekoa, etiketak pertsonen aurreiritzietan bakarrik baitaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!