Nora goazen bageneki!

Erabiltzailearen aurpegia Maider Jauregi 2016ko api. 3a, 10:00

Oporrak amaitzeak baditu bere alde onak. Alde egin dute turistek eta aste bedeinkatua pasatu ahala bake santua eman du urteroko galderak, azkenean, utzi diogu elkarri nora goazen galdetzeari. Inora ez joatea ere plan ederra izan liteke.

Egonean eman egunak, patxada ederrean, ez auto-ilararik, ez errepideko arriskurik. Beste aukera bat izan liteke nora joan baino nola joan pentsatzea. Horrela egiten zuen lagun batek, Aste Santua iritsi orduko mendira jotzen zuenero. Aurten planak aldatu zaizkio, eta mendian beharrean, mendira begira eman ditu egunak, zer pentsa.

Istripua izan eta herren geratu da. Pieza handi bat lurrera erori eta oina harrapatu zion, enpresa batean, praktiketako kontratu batekin, homologatu gabeko makinatzar batean lanean ari zela.

Azken urteetan ez gara nekatu esaten, lan istripuak eta laneko gaixotasunak gutxitu badira, hori 2009tik hona eman den enplegu suntsiketaren ondorio zela eta ez prebentzio politika eta neurrien emaitza. Orain, berriz, jarduera ekonomikoa handitzearekin batera, gora egiten hasi dira istripuak, eta gainera, istripuen hazkundea handiagoa ari da izaten jarduerarena baino.

2015ean lan istripuak %9 hazi dira. Egunero 267 lan istripu gertatzen dira, 5 minutuero bat. 6 egunetik behin langile bat hil da lan istripuan azken urtean, aurten dagoeneko badira 14, eta egunero gaixotasun profesionaleko 12 kasu atzematen dira. Premiazko neurririk hartu ezean, datozen urteetan, lan istripuen kopuruak gora egingo du berriro.

Eta zer esan laneko gaixotasunei buruz. Istripuena halako 6 da gaixotasun profesionalen kopurua, eta kasurik larrienetan horiek ere heriotza dakarte. Joan den igandean hil zen azken biktima: Arcelor Mittalen Olaberriko altzairutegiko langilea, 37 urtez amiantoaren eta beste hainbat produktu toxikoren artean babesik gabe lanean aritu ostean, biriketako gaitzak (asbestosia) jota. Langile hau, gehienak bezala, erakunde publikoek gaitza eta haren jatorria aitortu gabe joan da.

Lanaren ondorio diren gaixotasunek istripuek baino hildako gehiago eragiten dituzten arren, laneko gaixotasunen %83 ez da gaitz moduan aitortua izaten. Amiantoak eragindako gaixotasunengatik bakarrik, azken sei urtean 153 langile hil dira.

Zergatik ez den amiantoarekin zerbait gehiago egiten? Biktimak langileak garelako. Zergatik ez den laneko istripu eta gaixotasunen kontra behingoz egiten? Biktimak langileak garen neurrian, ez delako lehen mailako arazotzat hartzen.

Gaur inoiz baino gehiago laneko gaixotasun eta istripuen ernamuina prekarietatea da, beraz, lan baldintza kaskarren kontra eginez bakarrik lortuko dugu laneko osasuna eta segurtasuna bermatzea. Bizkaia aldean ongi esaten duten bezala, lana beharra da, bizitzeko egiten dugu lan.

Lan munduan gertatzen ari dena ezagutu nahi ez bada, ez badakigu zer ari den benetan gertatzen, edo okerragoa dena, ezkutatu egiten bada, nekez konponduko dugu ezer, eta, gauzak konponbidean jartzen ez diren bitartean, lanera goazenero gurekin eramango dugu kezka, nora goazen, eta bueltatuko ote garen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!