Bizitza

Erabiltzailearen aurpegia

Nazio Batuen Erakundeak argitaratu berri du munduko biodibertsitatearen inguruko ikerketa: milioi bat espezie galtzekotan da munduan. Ikerketa honen emaitzak are okerragoak ere badirela pentsa daiteke, NBEko estatuek erantzukizun garbia dutelako galeraren faktoreetan, eta badakigu zaborra alfonbra azpian gordetzeko ze abilezia duten.

Aranzadik ere argitaratu berri du ikerketa bat, non Euskal Herriko 88 espezie (gehienak landareak) galtzear daudela dioen. Halakoxea bihurtu dugu mundua: dagoena desagerrarazi, eta sortzen duguna desagertu ezin den lekua.

Basoak % 13 gutxitu dira; ekosistemen % 14 desagerrarazi ditugu; Uruguain egindako ikerketa batean, pestizidak aurkitu dituzte, lehen aldiz, euri urean; glifosatoa aurkitu dute tanpoi, konpresa eta pixoihaletan; Italiako errauskailu baten inguruetan, minbizia eta zirkulazio-arazoagatiko heriotza tasa %9 igo dela dio ikerketa batek; Herbehereetako errauskailu puntakoenaren inguruetako oiloen arrautzetan, dioxinak aurkitu dituzte; Nafarroa da espainiar estatuan transgeniko hektarea gehien ekoizten dituen lurraldea; urte gutxi barru, itsasoan arrain baino plastiko gehiago egongo da… Segitzerik nahi?

Kostata, baina ulertu dugu sistema honek ez gaituela pertsonok soilik erasotzen, ez dela soilik gure artean ditugun botere harremanez elikatzen. Euskal Herrian, mugimendu feministak plazak hartzeak eragin du, gainerako mugimenduen aldarrietan ere «bizitza» erdigunean jartzea (ikusi Maiatzaren 1eko leloak) eta, halako batean, ulertarazi digu, sistema honek ez dituela fabriketako gizon langileak soilik zapaltzen. Lurrik eta zaintza lanik gabe bizitzarik ez dagoela ulertzen hasiak garela dirudi.

Baina, datuetatik, pasatu nadin izenetara. Argian irakurri dut Jordan Engelek klima aldaketaren munduko 100 arduradunak mapa batean kokatu dituela, eta, ta-ta-tatxan, euskaldun bat dago tartean: Josu Jon Imaz. Bera eta bera bezalako, gutxienez, beste 99 gizon dira, berotegi gasen %70 baino gehiagoren erantzule. Kapitalaren metatzetik jaten dugula sinetsirik daudela dirudi, baina, altxatu ditzagun begiak gure (eta haien) zilborretatik. Berreraiki ditzagun ekoizpen moduak, komunitateak eta lurraldeak. Berreskura ditzagun jakintzak, hizkuntzak eta lurrak. Eta, abuztuan, Miarritzeko G7aren goi-bilkurak ez gaitzala lo harrapa.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!