Kafe bat, azkarra ta iñ berria

Erabiltzailearen aurpegia

Bart gaueko ekaitzak hankaz gora jarri du irla. Gaurkoan haurrak ez dira eskolara joango. Goizeko zazpiak, eta, etxe inguruko putzuan dihardute jada saltoka. Geroz eta zalaparta gehiago atera, hobe. 

Ara, non otu zaion kamiseta horidunari zuhaitz enborrera igo eta putzura salto egitea. Hori bai lagunak zipriztindu beharra! Badoaz besteak errenkadan, bata bestearen gainean jarri eta elkarren laguntzaz abilenak egin duen azaña errepikatzeko grinaz. Ekaitzaren osteko barealdia sumatzen da euren baitan. Irribarreak ez du mugarik, eta soinean daramaten arropa xumeek erromako zubia dirudite. To, gure artean; erosi, erabili, eta botatzea modan dagoen honetan jositako partxedun galtzak artea bilakatzen dira guretzat.

Anartean, umorea arras sutzen hasi da gure bazkal ondorengo berriketan. Jolas koloretsu, araugabe eta mugagabean diharduen haurra, nola joan ote daitekeen datorren egunean uniforme zorrotz, agur mailakatu eta apenas jolasik ez duten eskolara. Gainera, tenperaturak hoztu ez arren, buruaren bueltan daramate zapia, eta laukidun gona luzea, eta mahuka luzedun kamiseta…

Gutxi falta izan zaigu bi astean dena goitik behera aldatuko genukeela esateko. Edota gurean horrelakorik ez dela gertatzen aitatzeko.

Gugan, nola ez, janzkeran norberaren esentzia islatzen dela botatzeko. Hau marka ordea.

Bien bitartean, komertzio kate berean erositako oso tankerako arropaz jantzita geundela ohartu gara. Orduan, hasperen luze batez makurrarazi digu begirada. Agian parasito ezberdinen batek guri ere burua jan digula jabetu gara eta…

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!