Langa

Erabiltzailearen aurpegia

Hogeita hiru urte pasatxo dira Anoetara bizitzera etorri nintzela. Ia bizitza erdia daramat herri honetan, eta, anoetarron baimenez eta haiei esker, bertokoa sentitzen naiz. Otso bat kukuen artean nauzue, eta ederki moldatzen naiz asto, oilo, tranpazulo eta gainerako faunarekin. 

Ezagutzen nautenek badute nire mendizaletasunaren berri, eta noiznahi ikusiko naute gailur inguruetan, Uzturren ez bada Loatzon, Herniozabelen ez bada Hernion, eta berdin herri batetik besterako baso-bide, bidezidor edo xendratan.

Anoetara iritsi nintzenean ezagutu nuen lehenbiziko ibilbidea, txaletetatik gora Isastegira doan bidetik abiatzen da: Hernialdeko lurretatik barrena joan, Alkizara doan baso-bidea zeharkatu eta Errekaldera iritsi eta gero, Basatxabal baserritik barrena, Agiñazpi eta Axibarrera heltzen da, handik Basagainera, Etxeberrira, Tapiko zubia igaro eta Anoeta-Zizurkil barneko bidetik berriro Anoetara. Hamar kilometro pasatxoko ibilbide ederra, erraza, giharrak eta, bereziki, burua askatzeko ezin hobea, pare bat ordutan (oinez) edo ordubete inguruan (korrika) egiteko modukoa. Oso maitea dut ibilbide hori; hogeita hiru urteotan zenbat aldiz ibili ote naiz bide horietatik! Gainera, hamaika aukera eskaintzen ditu ibilbidea luzatu edo mozteko, zirkuitu bakar batean hamaika ibilbide osatzeko.

Horrela izan da hogeita hiru urte hauetan, horrela ezagutu dut, kasik atzo arte. Kasik diot, duela egun batzuk langa handi bat agertu baita Isastegitik gora doan bidean, erdian Lursail partikularra dioen eta borobil baten barruan bi oin eta marra gorri bat marraztuta duen kartel batekin dekoratuta, eta katea eta giltzarrapoa jarri diote. Mezua argia da, ez gara ongietorriak, debekatua dugu igarotzea. Lehendik ere mezuak igorri zizkigun lursailaren jabeak, behiak, txekorrak eta zezena larreetan aske utziz eta ordura arte bidea eta belardia bereizteko erabiltzen zuen artzain elektrikoa jarri gabe, esaterako, edo orain langa jarri duen lekuan adar handi bat jarriz.

Mezua argia da, ez gara ongietorriak, debekatua dugu igarotzea. Lehendik ere 'mezuak' igorri zizkigun lursailaren jabeak.

Itxi bezain agudo, ordea, irekia agertu da berriro bidea, norbaitek katea eta giltzarrapoa kendu baitizkio langari. Nor izan den ez dakidan arren, susmoa dut kontua ez dela hor amaituko. Kontua baita, lursail pribatutik igaro arren, bide hori dela inguruko bide natural bakarra. Galdutako herri bide bat ere bada ondoan, pinudi batetik barrena doana, baina lar eta sasiek hartua dagoena. Konponbiderik ez bazaio ematen, beraz, herri bidea berreskuratu beharko da. Ni, auzolanerako prest.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!