Osakidetza eta ni

Erabiltzailearen aurpegia

Gauzak ondo bidean, gaur jasoko dut COVID-19aren aurkako bigarren txertoa. Ez nago ez pozik, ez harro, ez triste ez lotsatuta, ezta haserre ere. Betebehar zibiko bat iruditzen zait, niregatik bainoago, albokoengatik, ezagun zein ezezagunengatik. 

Ez naiz txerto-zalea, eta badakit guri egin diguten ziztadei esker milioika dolar eta euro poltsikoratuko dituztela lehendik ere dirua erruz dutenek. Iritsiko da haiei kontuak eskatzeko ordua. Baina iruditzen zait, uneotan, txertoari uko egitea baino askoz eraginkorragoa litzatekeela txertoa unibertsalizatzeko, patenteak nazionalizatzeko alegia, aldarrikatuko bagenu guztiok.

Beno, ba gaur amaituko dut immunizazio prozesua, lehen esan bezala, ondo bidean. Izan ere, aste batzuetako atzerapenarekin jaso nuen lehenbiziko dosia, Osakidetzaren txertatze kanpainaren datu-basean, naizena baino bi urte gazteago ageri bainintzen. Txertatze datu-basean diot, datu-base orokorrean, gerora esan zidatenez, ongi ageri baita nire jaiotze data.

Tira, ez da Osakidetzarekin izan dudan gorabehera bakarra. Baina argi gera bedi, ez naizela ari osasun langileez. Gai burokratiko-administratibo eta datu-basearen kontuekin izan ditut gorabeherak, eta pertsona bakar bati gertatzeko gehiegitxo iruditzen zaidalako aipatuko ditut.

Hamasei urterekin jakin nuen penizilinari alergia diodala, astebetez angina gogor batzuk tratatzeko egunero ziztadak jasoz ibili ostean. Azkenekoa jaso, eta biharamunean pikortaz josita jaiki nintzen ohetik. Orduz geroztik, mediku-etxe edo osasun zentro desberdin batera joan naizen bakoitzean, artatu nauenak mediku historiaz galdetu didanean eta alergikoa naizela erantzun diodanean, errieta egin dit Osakidetzaren datu-basean ez zelako halakorik ageri. Dirudienez argi gorri bat agertu behar zen pantailan nire datuetan sartzerakoan, eta argia itzalita ei zeukaten.

Biopsia bat egiteko hitzordua jaso, eta bi orduz itxarongelan eman ostean, niri biopsiarik ez zegokidala esan zidaten beste batean; hitzordua beste batentzako ei zen, ez niretzako, eta etorri nintzen bide beretik etxera joateko esan zidaten.

Aste batzuetako atzerapenarekin jaso nuen lehendabiziko dosia, Osakidetzaren txertatze kanpainaren datu-basean, naizena baino bi urte gazteago ageri bainintzen

Kontsulta batean nire datuetan emakumezkoa nintzela ageri zela ere esan didate. Horrek ez nau gehiegi kezkatzen, ez naiz nire sexu identitatearen beldur. Kezkagarria litzateke, hori bai, esaterako, basektomia bat egitera joan eta Falopioren tronpak josita irtetea, baina halakorik ez zait gertatu. Gertatu zait, ordea, prostata erauzia nuela uste zuen mediku batek artatzea, hala jartzen baitzuen nire mediku historiak. Oker hori ere, aitari egin baitzioten ebakuntza eta ez niri.

Horiek dira Osakidetza eta nire artekoaren gaizki-ulertuetako batzuk. Denak ezin konta, akordatu ere ez naiz egiten eta. Adiskide bati ere oraintsu gertatutako hau ere aipatu nahiko nuke, ordea. Ezkerreko eskuko hatz lodia minduta joan da laneko medikuarengana, eta txundituta irten da hark esan dionarekin: denbora batean ezingo duela behirik jetzi. Etxera joan da, medikuaren paperak begiratu ditu, eta orduan jakin du arrazoia: lanbidez igeltsero da nire laguna, baina paperetan «lechero» ageri da. Beno, isil nadin, berriro errieta egingo didate-eta kuadrillakoek, haien esanekin betetzen ditudalako zutabe hauek.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!