Benetako pribilegioa

Erabiltzailearen aurpegia

Telebistan Frantziako Tourra ematen ari dira, eta, telebistak ematen ez duen arren, Italiako Giro Rosa ere korritzen ari dira ziklista zailduak. Eguraldia ere giroaz gozatzeko gonbita luzatzen ari zaigu. Baina, goizero, iratzargailuak ohartarazten dit badirela aste batzuk amaitu zitzaizkidala oporrak, eta lanera joan behar dudala.

Lagun batzuek esaten didate neureak ez duela meriturik, pribilegiatu hutsa naizela, lanera joan egin behar badut ere, joatearekin nahikoa dudala; beraiek, aldiz, lana egin ere egin beharra daukatela, ez joan soilik. Eta ez didate Betioporretan jauna deitzen, kuadrillan ez naizelako, haien esanen arabera, pribilegio hori duen bakarra.

Badut beste lagun bat, irakaslea da bera, bakoitzak merezi dituen oporren erdiak jasotzen dituela dioena. Beste lagun batek zintzoki aitortu izan digu bera alferra dela, baina lana egitera kondenatuta dagoela. Harentzat ez dago lanerako egun onik; txarrak eta okerragoak dira lan egun guztiak.

Eta ez didate ‘Betioporretan jauna’ deitzen, kuadrillan ez naizelako, haien esanen arabera, pribilegio hori duen bakarra

Bere bokazioa lana egin duena eta bere lana bokazio bihurtu duen lagunik ere ez zaizkit falta. COVID-19aren ondorioz lanik egin ezinik egon dena, normaltasun berri honetan lana galtzeko arriskuan dena ere lagunak ditut.

Gustuko lana izan edo ez, gustura lan egin edo ez, soldatarekin, oporrekin, lan egutegiarekin ados egon edo ez, lana dugunok pribilegiatuak garela saldu nahi izan digute, sinetsi ere egin dute askok. Kuadrillan, dena den, ez dugu halako usterik.

Asteak dira, beraz, goizero iratzargailuak jo, eta gosaldu, prestatu eta lanera (gutxienez) joaten naizela. Baina lagun horiek hor ditut, ilunabar batean, asteburu batean, elkarrekin egon, ibili, solas egin eta barreak eta negarrak partekatzeko, baita normaltasun berri honetan ere.

Eta, aizue, hori da benetako pribilegioa.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!