Koronabirusa

Normaltasuna

Erabiltzailearen aurpegia

Ohitura jakineko animaliak gara gizakiok. Hilabete bakar bat behar omen dugu, ordea, ohitura berri bat hasi eta ohitzeko, edo ohitura zahar bat utzi eta ohitzeko. Horrela izan liteke nork bere kabuz eta determinazioz eginiko ohitura aldaketei dagokienean; zailena erabakia hartu eta berau martxan jartzea izan ohi da (urte berriaren hasierarako egiten diren promesak…). Baina norbaitek ezarriz gero, ohitu egin gaitezke, edo moldatu, baina akabo, fini, ohitura berria, ezarpena, agindua edo dena delakoa iraungitzen denean.

Alarma egoeraren ondoriozko konfinamendu aginduak bete ditugu, zintzo bete ere, nork bere neurrian (zehatz-mehatz, ia beti, ahalik eta gutxien…). Bi hilabete baino gehiago iraun dugu horrela: konfinamendu zorrotza izan zen hasieran, zorrotzagoa geroago (Aste Santu inguruko hamar egun), lehengo zorroztasunera itzuli ginen ondoren, eta duela hiru astetik hona malgutzen hasi dira neurriak. Fasetik fasera goaz.

Kasu honetan, bistan da, bi hilabete eta gehiagoko ohitura berriak berehala utzi ditugu albo batera, eta, eguraldi bikaina lagun, kaleak, plazak, terrazak, hondartzak, parkeak… okupatu ditugu berriro. Akabo distantzia soziala.

Nork egin  dituen  [inkestak] gora-behera, betikoen  garaipena  iragarri dute, garaipen  ‘garaipenagoa’, gainera

Eta faserik fase, badatoz hauteskundeak ere. Eta inkestak. Nork egin dituen gora-behera, betikoen garaipena iragarri dute, garaipen 'garaipenagoa', gainera. Terrazako garagardo freskoari esker, konfinamendua bezala, ahaztu ei ditugu Zaldibarko biktimekiko Jaurlaritzak (Urkullu eta Erkoreka buru) erakutsitako sentiberatasun gabezia, zabortegiko istripuaren aurreko eta osteko kudeaketa kirasduna, egunero hildakoak eta kutsatuak pilatzen zihoazenean lantegiak irekitzeko eskaera setatiak, senideekin eta lagunekin elkartzeko debekuaren luzapena, konfinamendu garaian behin baino gehiagotan bortizkeria erakutsi duten polizia indarren aldeko publizitate kanpaina lotsagarria, legeen eta epaien gainetik N1 errepideko bidesariari eutsi nahia…

Horixe da, azken finean: denok ordaindu dugu eta ordaintzen jarraituko dugu pandemia honen bidesaria, betikoek izan ezik.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!