Koronabirusa

Ausartu egingo naiz

Erabiltzailearen aurpegia

Beldurra daukat. Ez orain eta hemen (bakarrik), beldurra daukat betidanik eta egoera askotan. Beldurra daukat lurrak nire azpian dardara egiten duenean. Beldurra daukat besteek nirekiko zein iritzi ote duten pentsatzen jartzen naizenean. Beldurra daukat harremanean, betiko izango ote den imajinatzean. Beldurra daukat hipoteka batean sartzerakoan. Beldurra kontrol batean geratzen nautenean. Beldurra itsasoan igeri egiteari. Beldurra maskulinitateari. 

Beldurra inauterietan eguraldi txarrari. Beldurra gauetan ohera sartu eta gauzak pentsatzen hasteari. Beldurra, eta handia, ondokoak senti dezakeen beldurrari. Aitatasunari. Onartua ez izateari. Minbiziari. Eta, begira zer diren gauzak, beldurra oraintxe zu aspertzeari.

Beldurra, aizue. Etxean lasai ederrean siesta gozoa egin nahi eta aldameneko bizilaguna bere altzarien kokapena aldatzen hastean nola, inork gonbidatu gabe etortzen den parasito desatsegina. Ez dakit nor zaren (edo bai), baina zuk ere badaukazu. Beste gauza batzuei akaso, beste intentsitate batean beharbada, baina denok dakigu zein sentsazioz ari garen. Erabat irrazionala den zerbait, arrazoiaren eta logikaren gainetik, hezurren azpiraino sartzen zaizuna. Eta esan diezazukete lasai egoteko. Eta errepika diezazukete ez dela ezer gertatzen. Eta eskatu diezazUTZI BAKEAN! Nire beldurra da eta niri dagokit hau kudeatzea. Ze hortxe dago abantaila ere; gauza bat eta bakarra dago munduan zure beldurrari irabaz diezaiokeena: zu zeu.

Has gaitezen onartzetik. Ze, kontuz, hankartean daukadan honek ez dit uzten zuen denon aurrean beldurti agertzen. Mesedez. Sekula ezeri beldurrik izan ez dionak ez daki bizitzea zer den. Eta sufrimendu oro arinagoa izaten denez konpartitua bada, ez izan dudarik albokoari aitortzen: bai, akojonatuta nago. Lerro batzuk gorago arrazoia ere aipatu dut. Koherentzia. Izan ere, beldurrak badu halako efektu eferbeszente bat ere; gaur asko daukazu, bihar ere bai, baina etzi gutxiago, eta hurrengoan apur bat gutxiago, eta ez dut esango desagertuko denik, baina pixkana joango zaio arrazoimena gailentzen eta baretuko da normal bizi ahal izateraino.

Beraz, eta hemen inongo irakaspenik ateratzeko batere pretentsiorik gabe, beldurra duzun hurrengoan hartu arnasa, bota, irakurri berriz ere zutabe hau eta jokatu zentzuz, denok baikaude zurekin. Eta eskumiñak koronabirusari.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!