Funtzionario horri

Erabiltzailearen aurpegia

Aurreko batean, adiskide batek kritika bat egin zidan. Eta ez, behar bada ez nuen oso ongi hartu baina, aizue, pertsona naiz. 

Hori gutxi balitz, hala ere, ni errematatzeko edo, esan zidan kritikarekiko ikuspegi okerra neukala eta kanpoko iritziek modu positiboago batean eragin beharko lidaketela. Kritika gauza sanoa dela eta ez haserretzeko. Ados. Har dezadan arnas.

Ez dizuet esan baina adiskide hau funtzionarioa da. Administrazio publikoko langilea, lan-bizitza osorako soldata ziurtatuta duena. Esan nezakeen lana dela betirako seguru daukana; baina ez, esango dut soldata daukala seguru. Ze funtzionarioek, lana lana… Zuzen fitxatu bai, sartzeko eta, fijatu bazarete, baita ateratzerako ere. Eta goizeroko pizgarri-bero-goxoa ateratzen duen makina ere ondo dakite non dagoen. Baina zure kezka edo eskaria zein departamendutara bideratu behar duten, hori ez dute beti jakiten. Edo ez dute jakin nahi. Edo ekarri paperak baina goizean, ze arratsaldean ez gaude. Eta e-mailez ere ez bidali ze kopia konpultsatua behar da. Edo guk beti horrela egin izan dugu eta orain ez gara aldatzen hasiko. Eta ikastaro hori borondatezkoa bada, ia hobeto hemen geratuko gara goizeroko pizgarri-bero-goxoa ateratzen duen makinaren ondoan. Eta hemen ere ondo-ondo ez bagaude, egon lasai, ze akaso hartuko dugu baja txiki bat. Edo handia. Arazorik gabe.

Ez dakit nire adiskide funtzionarioak hau irakurriko duen edo ez. Baina, hala bada, jakin ditzala hiru gauza; ez nintzela benetan ari, saiatuko naizela kritikak onartzen eta bere funtzionarioan, asko maite dudala.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!