Rapatata-rapatata

Erabiltzailearen aurpegia

Hemendik bi astera gure herriko festak hasiko dira, inauterien baimenez. Kuadrilla eguna edo eskopetarien alardea barrutik bizi duenak ondo daki-eta, zer den benetako festa.

Lehenengoan, milaka lagun, ehunka kamiseta eta beste horrenbeste izenen izenean, bagarela ospatzen. Bigarrenean, ez dakit noiz, ez dakit zein guda izan zela eta, hori aitzakia hartuta, egun guztiko kalejira, ondorengo gaupasari bidea zabaltzen diona. Izan ere, eta barkatuko dit Juantxo Glaukomak, tradizio zaharrak berritu eta festaren alde jartzearen oso aldekoa naiz ni; ez al da ba inauteria, eskopetariz mozorrotzea ere?

Baina zentratu nadin. Aurten ere, ekainaren 24an, jantziko ditut galtza zuriak eta nire txalekoa, hartuko dut kaja, eta aterako naiz kalera. Ibiliko gara gora eta behera, beteko ditugu kaleak kez eta bolbora usainez, eta eseriko gara trago bat hartzera (hauxe da eta, oinarrian, garrantzitsuena). Begiratuko dut ingurura, eta hor egongo dira beti bezala Igor, Jon, Amaia, Miren, Iker, Asier, beste Jon, Carla, Alazne, Alain, Maialen, Maddi, Leire, Aitor eta beste guztiak ere. Normala den moduan. Eta jarraituko dugu kalean gora eta behera, eta batzuek txalo joko digute, eta beste batzuek argazkiak atera, eta beste batzuk ez dira pasatu garenik ohartu ere egingo. Baina ez da ezertxo ere gertatuko.

Zentra gaitezen denok, mesedez, hau oraindik ere ez baita posible gure Euskal Herri maiteko bazter guztietan. Hain gauza normala iruditzen zaiguna, hain gauza normala behar lukeena, oraindik ere konfrontaziorako eta liskarrerako arrazoi besterik ez da-eta, festaren arrazoiak ahaztuta. Zer inportako zaigu ba, lagunekin batera bere herriko festak disfrutatu nahi dituena arra ala emea den. Nik ez dut ezertxo ere aldatuko, nahiz eta gustura egingo nukeen, baina gera dadila lerrootan idatzita, behintzat, hausnarketarako. Hauteskundeak ere pasatu berri dira; kanpaina bukatu, promesak egiteari utzi eta politika egiteko garaia iritsi. Dagokionarentzat. Rapatata-rapatata-rapata-rapata-rapatata. Entseatzera noa.

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzea nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!