Suzai, lantegiak suaren kontra

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2021ko ots. 25a, 11:59
Suzaiko plantilla 1959an, San Juan de Dios zaindariaren egunean, Jose Lasa arduraduna eta Francisco Tuduri lehendakariarekin.

Tolosaldeko enpresariek sortu zuten Suzai suhiltzaile parkea, boluntarioen laguntzarekin; Francisco Tudurik, Papelera del Oria, una fábrica centenaria liburuan kontatzen du bere historia.

Gaur egun normala da erakunde ofizialek herritarrek behar dituzten zerbitzu guztiak eskaintzea. Baina, garai batean ez zen horrela, eta bakoitzak bere arazoak konpondu behar izaten zituen. Hala sortu zen Suzai suhiltzaile parke pribatua. Tolosaldean paper fabrika ugari zeuden eta erabiltzen zuten materialarengatik arrisku handia izaten zuten, ez hainbeste papera beragatik, behin bobinetan edo resmetan bilduta dagoenean ez duelako erretzeko hainbesteko arriskurik, baizik eta ebakin eta trapu ugari izaten direlako lantegi horietan.

1924an izan zen. Eskualdeko hainbat enpresari, batez ere paper fabrikatakoak, kezkatuta zeuden suteen aurrean oso zerbitzu eskasa zegoelako eta suhiltzaile parke bat sortzearen ideia originala izan zuten. Hamabost bazkide izan ziren sortzaileak: Ruiz de Arkaute, Gregorio Mendia, Antonio San Gil y Ollo, Papelera Española, Arzabalza, Sese, Irazusta-Vignau, Elduaien, Belauntzako Ola, Kalparsoro eta Limousin-Aranburu-Raguan paper fabrikak eta Forjas y Tornillerias Vascongadas, Antonio Elosegiren Bilobak, Agustin Martija eta Perot, beste sektoretako enpresak.

Lehen inbertsioa Delahaye moto-bonba izan zen (orduko 70.000 litro botatzeko gaitasunarekin), bere aspirazio tutu, mangera eta lantzekin. Gero Fort-T xasis motorizatua erosi zuten, eskailera jokoa eraman ahal izateko. Lau suhiltzailek eta gidariak osatzen zuten lehen parke hura eta 25 km/h-ko abiadura hartzen zuela ibilgailuak aipatzen du Tudurik. La Esperanza paper fabrikan zegoen material hori, Andres Legiñena mekanikariaren zaintzapean.

Maniobrak Berazubiko zubia eraikitzen ari zirenean. 

PARKEAREN MODERNIZAZIOA

Lehen urteetan horrela moldatu ziren, baina 1952an Zizurkilgo Portu paper fabrikan sute handia izan zen, dena suntsitu zuen, bazkide guztiak han ziren bilduta eta zuten ekipoa eskasa gelditu zela konturatu ziren. Aurreko urtean Santa Maria parrokiako Amarrandegi eranskinean izandako sutean ere aritu zen Suzai lanean. Parkea modernizatzea erabaki zuten eta horretarako Ladis Irazustak, Jose Aranburuk, Tomas Gonzalezek eta Francisco Tudurik osatutako batzordea osatu zuten. Garai hartan udalak zuen suhiltzaile zerbitzua oso eskasa zen.

Batzorde honek Madrilen bigarren eskuko Chrysler furgoia eta Tolosako Garaje Modernoan Buick furgoia erosi zituen suteen kontrako ibilgailu bihurtzeko. Barruan DKW moto-bonba (60.000 l/h) eta Volvo moto-bonba (100.000 l/h, Araxes paper fabrikak emandakoa) egokitu zituzten. Garaje Modernoan kokatu zen parkea, bere buru ziren Jose eta Gregorio Lasaren ardurapean, eta Gurrutxaga anaiak gidariak eta mekanikariak zirela. Gastuei aurre egiteko, bazkide kopurua handitu egin zen, Tolosaldeko industrialari gehienak sartuz. Hamabost suhiltzaile boluntario ziren parkean, beren jantzi dotorearekin: txamarra sorbalda-babesekin, kaskoa, gerriko-arnesa, soka, mosketoia eta aizkora. Aurkezpen ofiziala maniobra batzuekin egin zen Nafarroako zubian, udala eta Pedro Irazusta alkatea bertan zirela.

Berehala izan zen haien beharra, 1953ko urriaren 14tik 15erako gauean uholde handia izan baitzen Tolosan, Oria ibaiak dena suntsituz. Parkea salbatu egin zen furgoiak eta material guztia Renfeko tren geltokira eraman zituztelako. Ondorengo egunetan bodegak eta lokalak lehortzen eta kaleetako lokatza kentzen nahiko lan izan zuten Suzaikoek. 1955ean sute ikusgarrian aritu ziren lanean: Berazubi estadioko tribunakoa, sua ondoko Mustad lantegira ez pasatzea lortuz. 50. hamarkadan 54 irteera egin zituen Suzai parkeak, besteak beste, Araxes paper fabrikakoak, Urangakoa eta Alberdi biltegikoa 1955ean. Lantegi bazkideez gain, etxebizitzak, baserriak, zerrategiak, okindegiak… erre zirenean ere, bere zerbitzua eskaini zuen, Tolosaz gain, Ibarran, Legorretan, Ordizian, Andoainen eta Errazkinen ere bai.

Maniobrak 1985ean Kondeko Aldapako parkean. 

MANIOBRAK ETA SIRENAK

1958n udalarekin hitzarmena sinatu zuen Suzaik: udalak 8 suhiltzaile eta materiala jarriko zuen eta Suzaik behar zenean lagunduko zuen, hauek fakturak ordainduz. 18 metroko eskailera erosi eta Dodge xasis baten gainean jarri zutenez, egoitza txikiegia gelditu zen eta San Frantzisko ibiltokian bertan metro batzuk beherago kokatu zen, Tuduritarren Villa Nerean. Hamarkada horren bukaeran Delahaye furgoia erretiratu egin zuten (Diputazioko parke berrira eraman zuten ikusgai jartzeko) eta Bogward markakoa erosi zuten. Suhiltzaile gehienak Izaskun auzoan bizi ziren eta enpresa bazkideetan egiten zuten lan. Lan orduetan suteetara joateko baimena zuten eta gauez gertatzen zenean, Sakramentinoen elizako dorrean zegoen sirena batez abisatzen zieten. Hilero igande batean edo bitan maniobrak egiten zituzten lantegietan, sarbideak eta ura hartzeko lekuak edota gune arriskutsuak ezagutzeko. Maniobrak erdigunean izaten zirenean jendearentzat ikuskizuna izaten omen zen, batez ere, su erreala eta aparra erabiltzen zutenean.

60. hamarkadetako sute garrantzitsuenen artean Oria kaleko hiru zenbakiko etxea (1960), Oriabe tailer grafikoak (1962) eta Cartonajes Limousin (1966, parkearen historiako suterik handiena) aipatu behar dira bereziki. Anoeta, Amezketa, Altzo eta Beasainera ere joan behar izan zuten Suzaikoek. Paper fabriketan hobekuntzak egiten hasi ziren, eta ondorioz sute gutxiago izaten ziren. Parkea Gudari kaleko hiru zenbakira pasatu zen, eta 1968an Nazard markako moto-bonba erosi zuten.

Suzai eta udal parkekoak elkarrekin, German Gonzalez eta Jose Leon Egiguren arduradunekin.

LEKUKOA ALDUNDIKO PARKEARI

70. hamarkadan egoitza Kondeaneko aldapara aldatu zuten, lokala handiagoa zelako eta Oria ibaiaren aurrean maniobrak egiteko zelaigune egokia zegoelako. Magirus auto-bonba bereganatu zuten. Enpresa bazkideetan sute handirik ez zen izan garai horretan, 1973an Oria paper fabrikakoa izan ezik. Baina, lana ez zitzaien falta beste leku batzuetan: Alustiza txaleta Nafarroa etorbidean (1971), Phaeton dantzalekua patinen pistan (1972) eta azido zianhidrikoz betetako zisterna zeraman trena errailetatik atera zenean (1978).

80. hamarkadan iritsi zen parkearen bukaera. Udalak bere zerbitzuak eta enpresek beren instalazioak hobetu zituzten, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bere parkeak sortu zituen eskualde bakoitzean, besteak beste, Amarotzen Trinitarien komentua zegon lekuan Tolosaldekoa. Suzai parkeak parte hartu zuen azken suteetakoa Manufacturas Araxes enpresan 1983an izandakoa izan zen. Bizitza arriskuan jarriz bere lana eskaini zuen azken taldea suhiltzaile boluntario hauek osatu zuten, Juan Ignacio Lasaren ardurapean: Jose Uriarte, Francisco Olano, Isidro eta Benito Lopetegi, Sebastian Artola, Jose Alvarez, Jose Leon eta Miguel Gomez, Miguel eta Carlos Arriola, Jose Gurrutxaga, Jeronimo Sarasola eta Luis Sanchez.

Horiek bezala, beste boluntario askok, sei hamarkadatan zehar, tolosarrei nahiz inguruko herritarrei zerbitzu garrantzitsua eskaini zieten. Egindako lanaren errekonozimendu gisa balio dezala artikulu honek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!