Nolakoak ziren duela 50 urteko inauteriak?

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2018ko ots. 10a, 10:00
Jose Luis Zuaznabar gidari, eta Jose Luis Urruzola, Xabier Garikano eta Jose Ramon Etxeberria, 'Manoloak'

Aurreko mendeko 60. hamarkadako Inauteriak eta gaur egungoak oso ezberdinak dira. Orduan egin ziren berrikuntzak dira gaur egungoaren arrakastaren oinarria.

Garaiak asko aldatu dira 50 urtetan. Gizartearen arlo desberdinetan eman dira aldaketa epe horretan, eta Inauterietan ere bai, noski. Aurreko mendeko 60. hamarkadako Inauteriak eta gaur egungoak oso desberdinak ziren. Ez dute zerikusirik. Baina orduan sortu ziren ideia berri batzuk izan ziren gaurko jaien arrakastaren oinarriak. Tolosako Ekinbide Etxeak (CIT) zerikusi handia izan zuen aldaketa horietan.

XX. mendeko 60. hamarkadan kokatzea komeni hasteko. Frankismoa bete-betean agintean, esparru guztietan. Elizak sekulako eragina eta indarra zuen gizarte osoan. Gerraren ondorengo belaunaldiek ekonomikoki nahikoa lan bazuten aurrera ateratzeko. Industrializazioa zabaltzen ari zen gure eskualdean. Urte haietako Inauteriei begirada botatzen bazaie, ikusi daiteke ez zutela zerikusirik gaur egungoekin. «Txaketari buelta eman eta ardoa edan» esaldian laburbiltzen du orduko festaren muina Antxon Elosegik, CITeko sortzaileak eta aurreneko lehendakariak. Jateko gutxi zegoenez, orain baino mozkor gehiago ikusten zirela eransten du.

Txarangen musika eta zezenak ziren festaren euskarri nagusiak. Mozorro dotore eta karroza eta konpartsa ederrak ateratzeko bitarteko gutxi zeuden garai haietan. Ale solte batzuk aipa daitezke: Gure Kaiolaren Zirkoa (gerra aurrean egin zutena gogoratuz), Urdiña Txikiren Untzi pirata, Juanito Lopek Kabilarentzat egindako Gargantua, San Krispin zapatar eta horrelako beste gutxi batzuk. Jende gehiena ez zen mozorrotzen, asko jota txaketari buelta eman edo etxeko trapu zaharren bat janzten zuen.

Elkarte batzuetan dantzaldiak izaten ziren bazkide eta lagunentzat. Txinparta eta Casinokoak ziren ospetsuenak. Aginte politiko eta erlijiosoaren adibide gisa aipa daiteke, urte batean zezenen ondorengo kalejira Iparragirre zinematik aurrera jarraitzea debekatu zutela, ordurako ilunduta egoten zelako eta «bekaturako aukera» zelako.

DANBORRADA ETA ZEZENAK

Ostegun Gizena, Astelenita eta Asteartita lan egun normalak ziren. Ostegunean ikasleek klase normala izaten zuten. Iluntzean afariren bat edo izaten zen elkarteetan, txarangaren laguntzaz. Txaranga kalera ateratzea debekatuta zegoen. Guardiak eta gauzainak zeuden hori zaintzeko. Larunbatean Danborradak indar handia zeukan (1955ean sortu zen), inguruko herrietako jende asko erakarriz. Kontuan izan orduan Tolosakoak zirela inguruko Inauteri bakarrak.

Zaldunita izaten zen egun handiena, hurrengo egunetan festa giroa asko jaitsiz, lantegiak eta dendak irekita izaten zirelako. Kanpotik ez zen ia inor etortzen, noski. Zezenek indarra bazuten eta plazara ateratzea ohore bat omen zen, «ia erlijioa», Elosegiren ustez. Txinpartaren sokamuturrak ere arrakasta izaten zuen. Urte haietan N-1 errepide nagusia Rondilla eta San Frantzisko kaleetatik pasatzen zen eta Gorriti plazatik Nafarroa etorbidera desbideratzen zen trafikoa. Tabernetan lortzen zuten jaien aldeko dirua.

Duela 50 urteko argazki hori ikusi ondoren, esan behar da herrian festarako ilusio eta gogo handiz mugitzen zen jendea ere bazela. Festa Batzordearen izenean aritzen ziren elkarte batzuetako eta ostalaritzako ordezkariak, Danborrada eta trafikoa antolatzen gehienbat. 1965ean hasi zen martxan Tolosako Ekinbide Etxea (ofizialki 1967an), elkarte batzuetako ordezkariekin eta erakunde ofizialetatik aparte. Donostiako eta Frantziako ereduak jarraituz, herriaren alde lan egiteko asmoa zuen alor desberdinetan: kultura, ekonomia, kirola… eta jaiak ere bai, noski. Ez ziren xamurrak izan bere hasierak, jende asko kontra izan zuelako.

Ostegun Gizenean aldaketa nagusia arratsaldean haurrentzako xexenak jartzea eta ikastetxeekin jai izatea negoziatzea izan zen. «Lehendabizi lortu genuen klaseak ordubete lehenago bukatzea, xexenetarajoan ahal izateko. Batzuk ez zuten onartu. Gogoan dut zezen plazara kalejiran joatea eta Inmakulada ikastetxean ikasleak barrutik kalejirari begira egotea», adierazi du Elosegik. Ostegun Gizeneko gau batean afalondoren Arco Iris eta Kabila txarangak kalera atera eta Berdura plazaraino iristera ausartu zirela gogoan du, aguazilak kontra, jendea alde eta baten batek kalabozoan bukatu zuela.

SUSTRAIAK EZAGUTUZ

Inauteriaren sustraia ezagutzera ematen lan berezia egin zuen CITek. Elkarteetan Inauteriei buruzko hitzaldiak antolatu zituzten eta haietako hitzaldi batetik sortu zen Juan Garmendia Larrañagaren Inauterialiburua 1973ean. Euskarazko antzezki emanaldiak ere izan ziren Iparragirre antzokian.

Inauterietako musikari duintasuna emateko jaien aurreko igandeko Udal Musika Bandaren eta Udal Txistulari Bandaren kontzertua antolatu zen, 1971ean lehen aldiz, Iruñeko sanferminetako eredua jarraituz eta doinuak behar den bezala eskaintzeko asmoz. Jaiak iragartzeko kartelak 1969an hasi zen egiten Tomas Hernandez Mendizabal eta hor jarraitzen du 50 ale desberdin eta dotore egin ondoren. Urte haietan hasi zen ateratzen aldizkari bat, doinuen partiturekin eta beste hainbat istorioekin. Estanislao Urruzola Uxola idazlea hasi zen kantak euskaratzen, betikoak eta elkarteetakoak. Urte batzuk geroago hasi zen karroza eta konpartsen lehiaketa antolatzen. Astelenita indartzeko lehiaketa berezi bat ere egiten zen. Argazki lehiaketa ere antolatu zuen CITek. Eta ordurarte Udaberriko Festak bezala mozorrotzen zena Inauteriak deitzen hasi ziren.  

Hemen aipatutako osagai guzti horiek eragin handia izan dute gaur egungo festa nagusiaren bilakaeran. Ekinbide Etxearen bultzada handia izan zen jaiaren zabalpenerako, gaur egun ezagutzen den jai eredura iristeko. Udalaren partaidetza jaietan oso eskasa zen urte haietan. Ikusi besterik ez dago 1965ean alkateak argitara emandako bandoa, debekuz betea: karetak eta mozorroak, ilundu ondoren desfileak, konpartsak eta musika kalean, elkarte eta tabernen ordezkariei istiluen ardura leporatuz. Handik urte batzuetara sartu zen Inauterien antolaketan zuzenean gaur egungo Festa Batzordea antolatuz. 

Tolosako Inauteriaren berezitasunetako bat galdu gabe mantendu izana da, gerra garaian ere bizirik mantenduz. Argi dago herritarren artean izpiritu eta ilusio berezia izan dela beti jai hauei eusteko. Elkarbizitzaren festa izan da beti Inauteria, denon arteko haserreak eta umore txarra alde batera uzteko egunak. Hala jarrai dezatela!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!