Franco hil zela 40 urte

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2015ko aza. 20a, 08:00

Ia 40 urtez Espainiako estatu burua izan zena hil zela 40 urte bete dira gaur. 1936ko gerra irabazi eta agintean jarri zen Francisco Franco Bahamonde jeneralak ia lau hamarkada egin zituen postu horretan. 

Gerra amaitu ondoren, bere diktadurapean milaka hildako, zigortu eta kartzelatu izan ziren Espainia osoan eta Euskal Herrian bereziki bere esku luzea jasan zuen jende askok. Besteak beste, euskarak eta euskal kulturak jazarpen handia izan zuen. Eta frankismoaren azken urteetan ETA ekintzak burutzen hasi zenez, atxiloketak, salbuespen egoerak eta horrelakoak areagotu egin ziren.

Azken urteak El Pardo jauregian kinielak egiten, zinea eta telebista ikusten eta tarteka ehiza edo arrantza egitera ateraz pasa omen zituen diktadoreak, errealitatearekin harreman handirik gabe. Gaixo egon arren, etorkizuna ondo lotuta utzi zien inguruko laguntzaileei gorrotatzen zituen hiru etsai nagusien aurkako defentsa ziurtatzeko: masoneria, komunismoa eta separatismoa.

Horregatik 1975eko azaroan, Francok aste batzuk zeramatzanean gaixo, Tolosan eta Euskal Herrian jende askok gauak eta egunak irratiko berrien zain pasatzen zituen, hozkailuan xanpaina freskatzen jarrita, albistearen zain.

Albistea azaroaren 20an iritsi zen, goizean goiz, irratiz. Leon Herrera Esteban Informazio eta Turismo ministroak eman zuen Radio Nacional-ean goizeko 6:12an, irrati kate guztiekin konektatuta. 5:25ean hil zela esan zuen, bihotza gelditu ondoren, peritonitis baten ondorioz. Juan Carlos printzearen izenean Erregeordetza Kontseiluak hartu zuen estatu buru kargua, Alejandro Rodriguez de Valcarcel Gorteetako presidentea buru zela eta Pedro Cantero Cuadrado Zaragozako artzapezpikua eta Angel Salas Larrazabal Aireko Armadako teniente jeneralarekin batera. 10:00etan Carlos Arias Navarro Gobernuko presidenteak TVE eta RNE bidez hitz egin zuen.

Baina hori ukatzen duenik ere bada. Egun horretan ez zela hil ziurtatzen dutenak. Joaquin Bardaviok Cronica de la Transición, 1973-1978 liburuan dio Franco ez zela azaroaren 20an hil. Bardavio gobernuko presidentziako informazio zerbitzu burua izan zen 1970etik 1973ra. Ordu batzuk lehenago hil omen zen, azaroaren 19an gauerdian, bere senitartekoek artifizialki bizirik mantentzen zuten aparatuak deskonektatu zutenean. Bere heriotza Jose Antonio Primo de Riveraren heriotzaren 39. urteurrenarekin batera izatea izan zitekeen luzapenaren arrazoietako bat. Horrela erregimenak ordu batzuk izan zituen dena prestatuta egoteko.

Bideo osoak ikusgai RTVEko orrialde honetan eta honetan.

Hiru aldiz Tolosan

Donostia izan zen Francoren udako oporlekua urte askotan eta kotxez mugitzen zenez, Tolosatik pasatzen zen etortzen zen guztietan eta itzuleran, herriaren erditik autobia 1974ean egin zutelako. Sekulako erakustaldiak izaten ziren segizioaren pasaeran. Horietako hiru alditan Tolosan gelditu zen ordu batzuetan, hainbat bisita egiteko. 1941ean, 1948an eta 1952an izan zen, beti udan. Lehen bisitan bi fabrika ikusi zituen bere arduradunen argibideak entzunez: SAM eta Elosegi txapel fabrika. Ondoren udaletxean harrera egin zioten eta «balkoira atera behar izan zuen tolosarren bere aldeko oihuei erantzuteko», Javier Sadak Franco en San Sebastian a través de la prensa guipuzcoana liburuan kontatzen duenez. 1948an baserritarren lehiaketa baten inauguraziora etorri zen Burgostik emaztea, alaba eta ministro batzuekin. San Frantzisko pasealekuan jarri zituzten eszenatokia eta bere izena zeramaten arkuak eta ganadu eta karroza desfilea izan zen musika banda militar batek himno nazionala jotzen zuen bitartean. Gotzaina ere bertan zen agintari militar eta zibilekin batera. Azken bisitan, 1952an, Nafarroa etorbideko anbulatorioa inauguratu zuen, gotzaina, parrokoa eta osasun agintariekin batera.



Giroa Euskal Herrian eta atzerrian

Duela 40 urte, Franco hil zen urtean, ez zen giro Euskal Herrian. ETA zatitu berria zegoen, politiko-militar eta militarren artean. KAS (Koordinadora Abertzale Sozialista) ere orduan sortu zen. Apirilean salbuespen egoera ezarri zuten Bizkaian eta Gipuzkoan, atxiloketa batzuk izan zirela medio. Hiru hilabetetan 4.000 lagun atxilotu zituzten eta Poliziak zortzi lagun hil zituen. Tolosaldean uztailaren 14ean 14 lagun atxilotu zituzten sarekada batean, Villabona eta Tolosan gorputza hartzen ari ziren bi taldetako kideak. Denbora gutxi egin zuten kartzelan. Abuztuan Jose Antonio Garmendia Tupa abaltzisketarra eta Angel Otaegi nuarbetarraren aurkako epaiketa militarra hasi zen, heriotza zigorra eskatuz. Protesta ugari izan ziren, bost urte lehenago Burgosko epaiketaren kontrakoaren antzekoa. Abuztuaren 28an Tupa epaitu zuten, guardia zibil bat hiltzeaz akusatuta. Greba orokorra izan zen egun horretan eta hurrengoan. Irailaren 12an Juan Paredes Manot Txiki-ren aurkako epaiketa militarra hasi zen eta heriotza zigorra ezarri zioten. FRAP taldeko sei kideri ere heriotza zigorra ezarri zieten. Protesta ugari izan ziren nazioarte mailan: Nazio Batuetan, besteak beste. Ministro kontseiluak heriotza zigorra barkatu zion Tupa-ri irailaren 26an, baina hurrengo egunean fusilatu zituzten Txiki Bartzelonan, Otaegi Burgosen eta FRAPeko hiru lagun Madrilen. Manifestazioak eta grebak areagotu ziren eta 19 herrialdek bere enbaxadoreak erretiratu zituzten Madrilen eta Turkian, Suedian, Grezian eta Frantzian espainiar lantegi eta enbaxadak eraso zituzten.

Giro horretan iritsi zen, gaixoaldi luze baten ondoren, Francoren heriotza azaroaren 20an. Une hartan Tolosaldeko 18 lagun zeuden gutxienez espetxeetan. Amnistiaren aldeko mobilizazioak eta itxialdiak izan ziren abenduan eta urtarrilean. Otsailean erbesteratu batzuk itzultzeko aukera onartu zuen, tartean Tolosaldeko 49 lagun. ETAk alkate frankisten dimisioa eskatu zuen eta batzuk dimititu egin zuten. Martxoaren bukaeran Amnistiaren Aldeko Gestorak sortu ziren, herritarren sostengu zabalarekin. Apirilean Tolosako kuartelean Muñecas kapitainak egindako torturak agerian gelditu ziren, Amparo Arangoa leitzarrari ateratako argazki batzuen bidez eta kapitaina tokiz aldatu zuten. Irailean, Txiki eta Otaegiren fusilamenduaren urteurrenean, gose greba eta itxialdia izan zen Tolosako San Frantzisko elizan eta ondoren manifestazio baketsu oso jendetsua, alkateak Guardia Zibileko kapitainarekin negoziatu ondoren. Greba orokorra izan zen. Kapitaina atxilotu egin zuten eta, elkartasunez, Pedro Rekalde alkateak dimisioa aurkeztu zuen.


Espainiako gobernuan erreforma politikoa martxan hasi zen. Uztailean presidentea aldatu zuten, Arias Navarro kendu eta Adolfo Suarez jarriz. Alderdi politikoak legeztatu gabe zeuden oraindik. Abendurako erreformari buruzko erreferenduma eta hurrengo urterako hauteskunde orokorrak deitu zituen. Erreferendumean baiezkoa atera zen, baita Euskal Herrian ere, nahiz eta oposizioko alderdi guztiek abstentzioa bultzatu.

NON ZINEN FRANCO HIL ZENEAN?

Joera desberdineko Francoren aurka aritutako hainbat pertsonai elkarrizketatu dira orduko giroa gogoratzeko. Gehienek itxaropen gutxi zuten, aldaketa gutxi izango zirela uste zuten. Frankismoaren presentzia eta indarra handia zen garai haietan eta bere poza agertzeko ospakizunetarako beldurra zutela azaldu dute.

Martin Agirrezabala (gero Euskadiko Ezkerrako zinegotzia izango zen) goizean jaikitzerakoan izan zuen Francoren heriotzaren berri, goizeko seietan zabaldu zelako albistea. Lanera joan zen Hernanira eta arratsaldean «beste egunetan baino jende gehiago bildu omen zen mobidako kaleetan». Xanpaina edanez eta purua errez ospatu omen zuten askok eta jendea «pozik eta gehienbat itxaropentsu» azaldu omen zen.

Gero Herri Batasunako zinegotzia izan zen Josetxo Sasietak gogoratzen du hilabete bat edo gehiago zeramatela heriotzaren zain: «Albiste asko zabaltzen ziren, kontraesanak, alarmak, Radio Paris-en bertsio desberdinak; Korreo kaleko Bordatxo tabernan elkartzen ginen eta kafe-torero ugari hartzen genituen; horrela ezin zen bizi». Ondorengo ospakizunetaz, xanpainerako dirurik ez eta koñak txarren bat edango zutela esaten du. Garai hartan frankismoa indarrean zegoen eta ezin zen ezer egin. «Nire amari lau anaia hil zizkioten gerran eta ez zuen hitzik ere egiten. Diskrezioa inposatua zen», dio. «Heriotzaren ondorio garrantzitsuena Estatuaren batasunaren lerroak markatuta utzi zituela izan zen. Gorteak desegin ziren eta gezurrezko amnistia eman zuten, baina diktadorearen herentzia izan zen erregimenarekin ez zela hautsi», eransten du.

Antton Karrera amezketarra Segoviako kartzelan harrapatu zuen albisteak. Burgosko epaiketan epaitua izan zen. «Bost egun neramatzan goizero jaiki orduko goiko leiho batera igotzen, kartzelako sarrerako bandera espainiarra nola zegoen ikusteko eta bosgarrenean xingola beltzarekin zegoela ikusi nuen. Oihuka hasi nintzen, preso guztiei abisua emanez. Ate joka hasi ginen denok. Funtzionarioek ziegetako ate guztiak ireki zituzten eta egun osoa patioan pasa genuen, ziegetan sartu gabe. Nolabaiteko askatasun eguna izan zen guretzat», gogoratzen du. Beste espetxe batzuk ezagututa, Segoviakoaren berezitasunak azaltzen ditu: preso politikoak bakarrik geunden han, 128 guztira, eta beraiek administratzen zuten dirua, janaria, edaria eta dena. Horri esker, ospakizunetarako xanpaina, puruak eta denetatik izan zituzten. «Errespetu handia ziguten funtzionarioek gure portaeragatik. Hurrengo urteko martxoan kartzelatik atera nintzenean, adibidez, zerbitzu burua zain neukan zerbait hartzera gonbidatzeko eta hartu genuen kanpoko taberna batean. Ez zekien oinetakoetan hurrengo ekainean egingo zen Segoviako ihes famatuaren planoak neramatzala. Gero pelikula egin zen ihes harekin», eransten du.

Mirentxu Etxeberriak (gero Tolosako alkatea izango zen) gogoan du egun batzuk lehenagotik xanpaina frigorifikoan jarri zutela freskatzen eta hil zenean familia osoak ospatu zuela, «etxean aitarekin berarengatik sufritu zutelako, nahiz eta heriotza bat ospatzea ondo ez zegoela jakin». Horrek aldaketarik ekarriko ote zuen «itxaropen gutxi» zuen. Komunistak legalizatu zituzten eta eman zuten amnistiari esker bere aitak erbestetik itzuli ahal izan zuen. Hala ere publikoki ez zen ezer ospatu: «Poza etxean gorde zen, ikastolan adibidez, normal jarraitu genuen lanean, beldurra kendu gabe zegoelako».

Gero alkate izango zen Antton Izagirre Magisteritzako praktikak egiten ari zen Groseko eskola batean. Hiru eguneko dolua izan zen, klaserik gabe, eta gripeak jota gaixo pasa zituela gogoratzen du. Ez du horregatik ospakizun berezirik gogoratzen. Ikastolako bere irakasle lagunek bai, ospatu zuten. Ikasleak etxera bidali, Sakramentinoetan pertsianak itxi eta aspaldi irakasle batek hozkailuan gordeta zuen xanpaina atera zuten, eta gero Errezilera joan ziren bazkaltzera. «Norbaitek zer ospatzen ari garen galdetzen badigu, zer esango diogu?, pentsatu genuen. Andereño baten urtebetetzea zen eta hori ospatzen ari ginela erantzungo diogu, erabaki genuen», gogoratzen dute orduko irakasle batzuk. Gero Tolosara itzuli eta tabernetan polizia sekretak zebiltzenez, inor ospatzen ari ote zen ikusten, elkarte batera joan ziren eta berandu arte parrandan ibili omen ziren.

Pepi Gorostidi garai hartan ume txikiak hazten ari zen eta Francoren egoerari buruzko gezurrak eta hilda ote zegoen zurrumurruak gogoratzen ditu. «Aldaketarako itxaropen handirik ez genuen, gauza guztiak ondo lotuta utziko zituela bagenekielako», dio.

Juan Karlos Etxebeste Madrilen ATS ikasten harrapatu zuen Francoren heriotzak. Astebeteko jaia izan zutenez, etxera itzuli zen. Heriotzaren berriarekin «kristoren poza» sentitu omen zuten. Epaiketaren zain zegoen, 12 urteko kartzela zigorra eskaera zuen ETAko Fronte Kulturalean aritzeagatik, eta ondoren eman zuten amnistiari esker libratu zen. Franco hil baino urtebete lehenago zazpi hilabetez kartzelan egon zen eta Portugalgo Krabelinen Iraultza ikusita, aldaketarako itxaropena bazuten.

Juanjo Martinez Leunda Martuteneko espetxean harrapatu zuen berriak, ORTko kide gisa, propaganda eta ez legezko elkartzeagatik 12 urteko kartzela zigorra eskaera zuela. 123 preso politiko zeuden komuna berean eta haietako birentzat heriotz zigor eskaera zegoen. «Fusilamenduen kontra bazkarietan ardoa edateari uko egin genion eta Francoren heriotza ospatzeko ardoa hartzeko iladan jarri ginen. Mendeku gisa, gaur horretan zerbitzu burua ziegaz ziega joan zen esanez hurrengo goizean ziegetako ateak irekiko zituela Guerrilleros de Cristo Rey-ko kideak sartzeko eta gu labanaz pasatzeko. Ez zen gertatu, baina gau hartan ez genuen lorik egin, noski», gogoratzen du. Eguberrietan atera zen kalera indultoaren ondorioz.

Berrogei urte pasatu dira. Gauza batzuk aldatu dira, baina beste batzuk berdintsu jarraitzen dute, diktadoreak gauzak ondo lotuta utzi zituen seinale.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!