Izan berdea

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Agustin Arrieta 2020ko urr. 23a, 07:59

Era batera hala bestera gehienok natura zaintzaileak gara, behintzat teorian eta hitzez ere hala agertzen gara; denok ekologia-zaleak gara, baina gero gure eguneroko bizitzak beste erritmoa darama; nahikoa gure ohiturei begiratzea eta zer-nolako kontraesan eta paradoxa ugari ditugun (energiaren erabilera, gure etxeetako berogailuak, auto tresnak, argi-indarrak, kanpoko eta barneko kutsadurak).

Batzuetan oso erraza da ezpainetako ekologia-zale izatea gugan dagoena zaintzeko, baina orduan benetan kontuak izaten dira eta, askotan, hondamendira joateko arriskua izaten dugu. Ekologia serio hartzea ezinbestekoa da. Hor gure etorkizuna jokoan dago, eta batez ere, etorkizuneko belaunaldien geroa. Zenbat aldiz ez ote dugu esan, herri baten etorkizuna giltzapetuta dagoela: airea, ura, lurra, ibaiak, itsasoa… zaintzen ez baditugu?

Ekologia serio hartzea ezinbestekoa da. Hor gure etorkizuna jokoan dago, eta batez ere, etorkizuneko belaunaldien geroa.


Ez liguke minik egingo Frantzisko Aita Santuaren hitz hauek gogoratzeak: «Ez dugu inoiz gure Etxe Komuna edo Ludia gaizki tratatu eta zauritu azken bi mendeetan bezala». Egi mardula. Zoritxarrez hazkunde ekonomikoa eta teknikoa ez da joan parekatua gizakiaren eta gizartearen aurrerapenarekin.

Ekologiak ez luke, lehenik eta behin, moda bat izan behar, natura eta izadiarekiko maitasun zintzoa baizik. Azkenean giltzarria eta gakoa da airea, ura, lurra, ingurunea zaintzea eta babestea, bestela herri baten etorkizuna blokeatuta egongo litzateke. Aristoteles (384-322 K.a.) jakintsuaren hitzak gogorazten ditut: «Honetarako jaioak gara: gure antzekoekin bat egin, eta giza arrazarekin elkarkidetzan bizitzeko».

Guztiontzako lekua izango duen lurra: lana, irakaskuntza, osasungintza, etxebizitza, duintasuna eta babesa denontzat, edozein motako bazterketa edo zapalketarik gabe. Egin dezagun gure mundu honetan guztiak etxean bezala senti daitezela, herri guztiak, familia guztiak, pertsona guztiak, beren etxean bailiran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!