Koronabirusa

Pandemiaren eragina

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Agustin Arrieta 2020ko mai. 10a, 08:59

Garai beltza ari gara bizitzen. Nire historian ez dut horrelakorik bizi. Hilabete latzak pasa ditugu. Bai, koronabirus horretaz ari naiz. Zer ilunpe, ezintasun eta mugatasun, zenbat hildako bakardadean! Zer pena eta zer tamalgarria! Saiatu gara Etxean geldituko gara leloa betetzen. Eskertzekoa da gure osasungintza arloan lanean diharduten profesional eta laguntzaileei eskainitako txalo zaparradak, eta baita gure herrietan izan ditugun boluntario taldeak.

Ez naiz ezertan aditua, baina dakidana da ingurumena eta auzokoa, lagun hurkoa gaizki tratatzen ditugunean gertatzen dela ezustea eta ezbeharra. 2020ko martxoan gelditzera behartuak izan ginen, nola gainera, ezin etxetik atera, lanera ere ezin joan eta lanpostu asko galduta eta beste hainbat galtzeko arriskuan. Badirudi ekonomiak atzeraldia jasango duela, krisia gaiztotu eta handitu zaigula eta ezkortasun kolektiboa sortu dela. Hala izan, batzuk footing egin nahi, besteak txirrinduarekin ibili nahi, mendi aldera joan nahi… Eta azkenean inork ezin, debeku orokorra gizarte osoarentzat iristen da. Horrela gaude bi hilabete luze hauetan. Zoritxarreko COVID-19a txertatu zaigu. Guzti honek gure lan-egitura, familia, lagunartea aldatu digu. Izugarrizko stop-a egin beharra izan dugu.

Beharrezkoa dugu justiziaz eta solidaritatez pandemiaren aurkako ekimenez adorez, elkarturik eta eraginkorki jokatzea

Hala ere, birus honek beste mezu bat ez ote digun ekarri, oihartzun baten susmoa daukat: benetako antibirusa ez ote den elkartasuna, senidetasuna eta elkarrekiko begirunea, hau da, kidetasuna eta anaitasuna gehiago zaindu eta ideologien eta ekonomia interesen gainetik gizakia jartzea, kontuan izanez pertsona dela helburu nagusia. Aurrera egiteko beharrezkoak ditugu bizitza ekonomikoari, politikoari eta sozialari gizatasun eta etika gehiago eranztea.

Espero dut gure zientzialariek sendagai miragarri hori asmatuko dutela birus hau gainditzeko, baina ez litzateke nahikoa lagun hurkoaren eta giza eskubideen espiritua bizitzen saiatuko ez bagina. Ezin baita mundu seguru eta baketsua gizarteko behartsuak historiaren lubakian uzten baditu. Solidaritatearen globalizazioak soilik mundua salbatu dezake. Espero dut krisi pandemiko honek irtenbide global eta bidezko bat bilatzera eramango gaituela.

Ekonomia munduak zartada handia jaso du. Gure esparruko hainbat lanpostu galdu dira eta etorkizuna gogortu du. Erronka ikaragarria daukagu. Gure giza kontzientzia areagotu beharra daukagu. Beharrezkoa dugu justiziaz eta solidaritatez pandemiaren aurkako ekimenean adorez, elkarturik eta eraginkorki jokatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!