Gabon atarian

Erabiltzailearen aurpegia

Badirudi garai honetan asmo gizakoiagoak eta humanagoak plazaratzen ditugula. Ez dut ezer esaten eta nabarmena da, gaur egungo munduan aldaketa handia izan dela alderdi guztietan, gainera etorkizuna iragartzea ezinezkoa dela esan dezakegu ziurtasun osoz.

Ekonomia, politika, kultura, soziologia eta erlijioa bide ezezagunetan barrena doaz, eta iparrik ere ez dute, kasu askotan, eta egiten ditugun iragarpenak huts egiten dute sarritan.

Galdu egin dira balioak? Nire iritziz gaur egun balio tradizionalak krisian daude, orain gutxi arte balio izan dizkigutenak, hain zuzen ere. Eta beste batzuk hauek dira, zeinak interpretatzea dagokigu, hain zuzen ere. Ez da zeregin makala.

Iraganean, gaur egun ditugun gaitz (gorrotoa, harrokeria, egoismoa, handikeria, zekenkeria, amorrua, bekaizkeria, nagikeria…) eta bertute (maitasuna, leialtasuna, sakrifizioa, zintzotasuna, eskuzabaltasuna, solidaritatea) berberak zeuden, baina beste era batera hartzen ziren. Garrantzia maila desberdina zutela esan dezaket. Hala ere, gure gizarte hau gizalegezkoagoa, bidezkoagoa eta orekatuagoa izan dadin pertsona errespetatzen jakitea da baliorik gorenetakoa.

Gabonetako usainean gaude. Gure kale eta inguruetan Gabon usaina dago. Batzuek diote gezurraren jaiak direla edo kontsumo ikaragarriaren merkatu festa dela, edo neguko inauterien antza hartzen ari direla. Hala ere, inork ezin duenez itxaropenik gabe bizi, garai honi itxaropen zantzu handia hartzen diot. Bizitzea itxoitea da, itxaropena etorkizunari aurrez aurre begiratzea da, bizitzera eta agertzen zaizkigun zailtasunak gainditzera bultzatzen gaituen helmuga desiratua aurrez aurre izatea.

Gabon jai hauek ez dira bakarrik kontsumora bideratzen gaituen festa nagusia, baita familia eta jendearekiko lotura gehiago sendotzera, hobeki zerbitzatzera, maitasun lokarriak lotzera, gezurra eta zuzengabekeriaren kontra borrokatzera, eta nolaz ez, beste hainbat jendek erlijio kutsua landuz, Jainkoarengandik hurbilago bizitzera eta mundo hau zoriontsuago egitera bultzatzen gaitu.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!