Pasatu dira hauteskundeak

Erabiltzailearen aurpegia

Apirila eta maiatza bi hilabete luze gertatu zaizkigu. Egia esan, badut emaitza politiko guztien berri, baina, zer zaila analisi politiko zehatza egitea. Tolosaldean EH Bilduren gorakada garbia ikusten dut. EAJ ez hainbeste, agian zerbait jaitsi, batez ere, udal hauteskundeetan.

Gobernagarritasunari begira, bi alderdien sendotasuna ikusi dut: EAJ, EH Bildu eta, oso atzetik, PSE-EE. Alderdi abertzaleek marka hautsi dute, goruntz joan dira. Europan, Gipuzkoan eta udalerrietan politika sozialak, orekak eta errealismoak astindu ederra eman dute. Poztu naiz. Iruditzen zait politikak beti herriaren zerbitzura egon behar duela. Ez naiz azti bat, baina, Nafarroan laukoaren etorkizuna oso motel ikusten dut; gure euskal autonomian, abertzaleen garaipena, eta espainiar eskuina porrotera joan dela. Badirudi hemendik doala argazki politikoa. Hala eta guztiz ere, bizitza aurrera doa, eta egunerokotasuna normaltasunean sartuko da.

Politikak herritarren premiak, nahiak eta helburuak islatu behar ditu; are gehiago, larriagoak diren heinean. Egia da, herritarren premia horiek gauzatzen diren unean, ezinbestean, beren partzialtasuna edo partikulartasuna izango dutela. Baina, halaxe izanda ere, praxis politiko egoki baten hierarkiak argi utzi beharko du, herriaren ona dela nagusitzen dena, arazoen konponbideei ematen zaien lehentasunean; arazo horiek ez baitira ez politikarienak, ez haiek ordezkatzen dituzten alderdienak, baizik eta gizarte edo erkidego politiko osoarenak.

Ez da hitz ponpoxoak erabiltzea, baina gizabanakoen eta gizarte kolektiboen iritzi publikoak lagundu behar luke gizartearen premia larrienak zehazten, aginpide publikoak esku har dezan. Eta, hala, herria osatzen duten herritarren mesedetan, neurriak har ditzaten, herri horren zerbitzura egon behar baitute.

Denon esku egongo da, gure udalek, foru aldundiak eta Europako Legebiltzarrak herritarrei eskubide politiko eta ekonomiko guztiak bermatzea, eta elkarrekiko gobernantza hori bultzatzea, eta gure euskal gizartea egonkortzea. Ongizate gizartearen erronkak nagusiki zaindu behar dira; produktibitatea handitu, eskulan galera berdintzeko. Badu bere garrantzia erronka sozialei aurre egiteak, udaletxeko atea gehiago irekitzeak eta gure arduradun politikoak kalean gehiago ikusteak, eta ez bakarrik kanpainaldietan.

Uste dut gizarteak ikusi behar duela politikagintza ona dela, Tolosaldeko edozein udal, Gipuzkoa eta Europar Batasuna errealitate eta proiektu onak direla. Zor publikoaren krisia piztear egon zela, baina hazkundea hobera egiten ari dela; garapen ekonomikoa eta soziala elkar loturik bultzatu behar baitira. Positiboa eta baikorra naiz. Bide onean ikusten dut Euskadi. Hala uste dut.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!