Inork ez du galdu nahi izan

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko urr. 29a, 17:25

Beste urte batez, Azoka Berezia ospatu dute Tolosako Bedaio auzoko frontoian. Besteak beste, aurtengo berrikuntza nagusiak, Jakoba Errekondoren bisita eta musika instrumentuen erakusketa izan dira. Inguruko herrietatik ere jende ugari hurbildu da bertara.

Garaian garaiko eta bertako produktuekin osaturiko azoka egin dute, goizean nahiz eguerdian zehar, Bedaio auzoan. Artubi elkarteak antolatuta, hamargarren edizioa izan da aurtengoa eta denetarik ikusi, dastatu eta erosi ahal izan dute bisitariek. Batetik, etxeko txikienek, haziekin egindako eskulanak eta talo tailerra izan dute eskuragarri. 10:45ean hasi eta 13:45eak bitarte egon dira zabalik postuak. Taloak, pintxoak nahiz sagardo eta ardo tragoak hartzeko aukera ere izan dute bertaratu direnek.

Besteak beste, barazkiak, ogia, mondejuak, intxaurrak, gaztainak, sagarrak, gaztak edota bestelako azkenburukoek izan dute presentzia bertan, baita inguruko baserrietako animalia mota ezberdinek ere. Erleen hainbat produktu dastatu eta erosteko parada ere izan da Bedaion, eta kristalezko erlauntza bat ere jarri dute, nahi izan dutenek ikusteko.

Guzti horrez gain, Azokak bi berrikuntza nagusi izan ditu. Batetik, Jakoba Errekondoren bisita jaso dute auzotarrek. Argitaratu berri duen Landareak lantzen gida liburua salgai izan da eta jendearen kezka nahiz jakin-minak asetzeko prest azaldu da usurbildarra, baita liburuak sinatu eta eskerrak emateko ere. Bestetik, azken edizioetan jendeak izan duen parte hartzeagatik, gune garrantzitsu bilakatu den Erakustoki Txokoak, musikari egin dio tartea. Horrela, garai batean San Juan egunez Bedaioko baserrien artean idi adarren soinuez egiten ziren doinu jokoei tarte berezia egin zaie, bestelako musika instrumentuen artean.

Azoka saltoki gune bezala 13:45ean bukatu bada ere, goizeko lanaldiak Artubi elkarteak antolatutako babarrun janarekin izan du amaiera. Amaitzeko, urtero moduan, azokan bildutako produktuez osaturiko saski baten zozketa berezia egingo dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!