Martxan, mendiko bizikletak hartuta

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko urr. 29a, 15:59

Olarrain auzoko festetako egitarauaren barruan kokatuta, XXIX. aldiz, Abraham Olano Mendi Bizikleta martxa herrikoia ospatu dute, goizeko 9:30ean hasita. 165 partaide inguru aritu dira pedalei emanez eskualdeko errepideetan.

Oriako Txirrindulari Eskolaren laguntzarekin, Abraham Olano elkarteak antolatzen du martxa hau. Aurten, 29. aldiz atera dira Olarrain auzoko irteera arkutik. Tolosan zehar itzuli txiki bat burutu ostean, 33 kilometrotako ibilbideari egin diote aurre. Gogortasunari zegokienez, leunetik aldapatsura egiten zuen ibilbidearen profilak. Lehenak, bi orduren barruan amaitzea aurreikusten zuten antolatzaileek.

Izenak berak dion bezala, Abraham Olano, Tolosako txirrindularia omentzeko ekitaldia da, eta aurten ere, ez du huts egin herriko kirolariak, nahiz eta urteren batean kanpoan egotea egokitu zaion. Haren hitzetan, "bizikleta gainean ibiltzeko afizioa dugunontzat, festa bat da. Atzo beldur apur bat genuen, eguraldiagatik, baina itxura ona du ibilbideak eta giroa ere horrelakoa da". Martxarako zituen asmoei buruz galdetuta, honakoa erantzun du: "Indartsu hasiko gara, erritmoa ezarriz, eta gero, norberak bere lekua har dezala".

Ekaitz Izagirre da Abraham Olano elkarteko lehendakaria. Berak aitortu digu, hasieran nahiko urduri zegoela, baina behin txirrindulariak martxan jarri direnean, pixka bat lasaitu dela esan du. "Duela bi hilabete hasi ginen guztia prestatzen, baina lan gehiena azken astean kargatzen da". Parte hartzaileen artean, gehienak eskualdekoak direla aipatu digu, beraiek ere lasterkarien bolumena neurtzen saiatu direlarik. Horrez gain, batzuk federatuak eta asko ibiltzen direnak izaten dira, eta beste batzuk, berriz, afizionatuak. Ondorioz, "guztiei gustatuko zaien ibilbidea osatzen saiatzen gara".

Olarraindik abiatu eta Tolosan itzuli bat egin ondoren, Korteta Nekazal Turismo ondotik igarotzen dira, Urkizutik, Albizturtik eta Hernioko pistetatik pasa baino lehen. Ondoren, Urkizutik barrena itzuli dira auzora. Helburu nagusiari buruz galdetuta, argi zuen Ekaitzek zer zen garrantzitsuena edo gerta litekeen gauzarik onena: "Anbulantziako langileak aspertzea". Olarraingo auzotarrek, festa giroan jarraitzeko aukera izan dute ondoren. Eguerdian, hamaiketako herrikoiaren eta haur jolasen txanda izan da, bertsolari eta trikitilariek alaitutako bazkari herrikoiaren aurretik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!