Bidaniako San Bartolomeak 2017

Ezkil hotsen esperoan

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko abu. 21a, 09:40
Ikusmin handia piztuko du beste behin Bidania-Errezil herri kirol desafioak.

Hilaren 23an lehertuko den suziriarekin hasi, eta bost egunez luzatuko dira San Bartolome jaiak Bidanian; aurten, herritarren parte hartzea nabarmenduko da.

Suziria botatzearekin batera, ezkilen soinu entzungarriarekin hasten dituzte festak, Bidanian. Lehen egunean, gainerako egunetan bezala, ekitaldi andanaz gozatu ahal izango dute herritarrek. Arratsaldeko salbearen aurretik, txikiteo herrikoia egingo dute trikitilariekin. Umeentzako, berriz, jolasak antolatu dituzte. Herritarrak bildu, eta batera afalduko dute gero, bertsolariek beren ale onenak uzten saiatu aurretik, eta lehen eguna behar bezala amaitzeko, Gabenara musika taldeak kontzertua eskainiko du.

Abuztuaren 24a San Bartolome eguna izango da. Goizeko meza nagusiaren eta salbearen ondoren, herriko dantzariek emanaldia eskainiko dute, eta helduek sabela beteko dute hamaiketakoarekin. Arratsaldean, berriz, herriko gazteen pilota partiden txanda izango da, gauean, Alurr dantza taldearen emanaldiaz eta Lidia eta Itzeder trikitilarien erromeriaz gozatu aurretik.

Ostiralean askok, ajeari aurre egin beharko diote, eta beste batzuk datozen astebururako indarrak gorde. Hala ere, goizeko mezarekin hasita, ekitaldi ugari izango dira bertan: Bola eta toka txapelketa, hamaiketakoa Saiaz elkartean, pala eta frontenis txapelketako finalak, eta arratsaldeko zahagi ardoa. Gauean, idi probak ikusteko aukera izango da, baita Eider eta Eneritz trikitilariekin dantza egiteko ere.

Asteburuan ere berdin gozatu ahalko dute herritarrek. Larunbat goizean, herriko gazteek futbol partidak jokatuko dituzte. Arratsaldean, sagardo dastaketa egingo dute, eta Obaneuke taldearekin dantza egin aurretik, pilota partidak ikusi ahal izango dira frontoian. Gainera, egun guztian, usakume tiraketa izango da. Igandean, bestalde, meza nagusiaren ondoren, herriko trikitilariek hartuko dute protagonismoa. Arratsaldean, sorpresaz beteriko zita garrantzitsua helduko da, Errezildarren aurkako desafioa, eta ondoren herri kirolak izango dira. Eguna trikiti doinuekin amaituko dute.

Ikusi hemen egitaraua.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!