Tolosako sanjoanak 2017

Momentu bereziaren zain

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko eka. 23a, 21:20

San Joan egunaren bezperan, ekitaldi ugari antolatu dituzte tolosarrek. Txistulariak, elektrotxaranga, San Joan su txikia, bertsolariak, musika... Herritar ugari bildu dira Tolosako txoko ezberdinetan, musikaz eta kantuz alaitu eta haurren ilusioa pizteko.

Gaur ospatzen ari dira, Tolosako San Joan festen barruan, San Joan bezpera eguna. Gaurkoa, egun handia izaten da tolosar askorentzat. Arratsaldeko 17:00etan izan da lehen ekitaldia. Orduan, Udal Txistulari Bandaren kalejirak, antzinako erronda bideko txokoak alaitu ditu. Ondoren, 18:30eatik aurrera, Traka-Traka elektrotxaranga, Plaza Berrian ekindako kalejirari, Tolosako alde zaharreko kaleetan eman dio segida.

Elektrotxarangak herria musikaz alaitzen jarraitu duen bitartean, suaren gainetik jauzi egiteko aukera heldu da haurrentzat. Etxeko txikienek ez dute aukera galtzen utzi, eta 19:00etatik aurrera, ehundaka haur bildu dira Plaza Zaharrean, bakoitza bere txandari itxaroten. Jauzi egiten zuten unean, Musika Eskolako ikasleen bandak girotu du ekitaldia, eta beste hainbesteren artean, obra jo dute.

Hain justu, obra hori gaueko 22:00etatik aurrera entzun ahal izango da Andre Mari plazan, Tolosako Musika Bandaren eskutik. Une horretan bertan, gainera, San Joan bezperako sua piztuko dute, eta jauzi egiteko gogoa duten herritarrek inguratu ahal izango dute bertara. Ondoren, Udaberri Dantza Taldearen emanaldiaren txanda izango da. Urteroko zita. Dantzari eta ikusleentzat berezia izan ohi dena, eta aurtengoan berritasun batekin datorrena. Hain zuzen, Hodeiertz abesbatzak San Joan Zortzikoa kantatzen duen bitartean, taldeko dantzari batzuek, izen bera daraman obra dantzatuko dutelako. Eta ondoren, Plaza Berrian, TPR eta Eztanda taldeek kontzertuak eskainiko dituzte.

Kantu horrez gain, Hodeiertz abesbatzak beste bi kantu eskainiko ditu. Horien artean, kanpaiekin batera kantatuko dutena, David Azurzak sortutako abestia. Baina, guztia ez da Andre Maria plazan egiten, eta arratsaldean, bai Zerkausian, baita Plaza Berrian ere, Jexux Mari Irazu, Unai Mendizabal, Maialen Lujanbio eta Alaia Martin bertsolariak eta Xabi eta Maitane bikotea ikusi eta entzuteko aukera izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!