Alvargonzalezeko errepublika

Erabiltzailearen aurpegia Ion Mintegiaga 2021ko ira. 4a, 20:58

Aurtengo udaldian izurritea eta jende pilaketetatik ihes egin nahiak, Soriara eraman gaitu, Alvargonzalezeko lurretara, «beste lekuetan ongizate denari oparotasuna esaten zaion lurretara» hain justu.

Gari soroak, bertako pinu basatia eta ameztiak. Orkatzak, katagorri grisaxkak, basurdeak, otsoak. Jende xumea, abegikorra, herrikoia; parkeetako parriletan haragiaren bueltan bilduta.

Autobia behar eta aldarrikatzen dute txikizio gutxi eragingo lukeen errepide lauetan. Azpiegitura eskasia. Espainia hutsa. Estatuak alboratuta.

Eta han goran, misterioz betea, Laguna Negra. Eta gorago, garaiko euskaldunen mugalde edo, Pico Urbion. Ur-bi-on. Bi ur on, alegia. Magalean, ezker-eskuin, izenari zor, bi iturburu: iparralderantz Urbiongo urmael bete eta ederretik abiatutako erreka Ebrok irentsiko du bidean. Hegoalderantz berriz, errekasto soil bat bezala hasten den jario xumea Penintsulako arro hidrografikorik handiena bihurtzen da, Gaztelatik barrena Portugalen murgildu eta Portoko bokaletik ur emaria Ozeano Atlantikoan isuriz.

Duero da Soriako lur arreak zeharkatzen dituen inguruak berdetzen dituena, bizitza ernetzen duena, izana ematen diona. Antonio Machadok sortutako imajinario kolektiboa zipriztintzen duena.

Badira urte batzuk 'Gaztelako zelaiak' irakurri nuela. Poema liburuaren esentzia bidaia honetan harrapatu dut ordea.


Badira urte batzuk Gaztelako zelaiak irakurri nuela. Poema liburuaren esentzia bidaia honetan harrapatu dut ordea. Machadok irakasle lanetan Soria izan zuen bizitoki urte luzeetan, eta bertako herritarrekin izandako elkarrizketetan eta bizipen propioetan oinarrituta ondu zuen espainiar literaturako klasikoetako bat.

Gerra Zibilean Errepublikako baloreak defendatu zituen, eta frankisten garaipenarekin erbesterako bidea hartu zuen, laster batean gaixorik hil zelarik.

Garaikide eta lagun izan zuen Garcia Lorca fusilatu egin zuten, gurean Aitzol eta beste hainbat bezala. Castelaok Galiziatik, Jose Hierrok Madrildik, Albertik Andaluziatik... deserrira jo zuten.

Geroz, estatuko nazio zapaldu ezberdinak errepublika burujabeak eratu nahian gabiltza. Atseginez hartuko nuke Alvargonzalezeko errepublika.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!