Irten bidera Julen eta kideen askatasunagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ion Mintegiaga 2021ko eka. 5a, 19:58

Uztailaren 12an, zortzi euskaldun epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. Tartean Julen Zelarain billabonatarra. Presoen alde jarduteagatik, erne! Preso zegoen aldian.

Auziaren zioa ulertzeko 2010era itzuli behar da: ezker abertzalea borroka armatuaren zikloa atzean uzteko erabakia eztabaidatzen ari zen batzar ezberdinetan; presoen iritziak berebiziko garrantzia zeukan. Hori baldintzatu nahi zen.

Geroz ere, euskal presoen aldeko jarduna jazarria izan da: 2013an Herrira mugimendua legez kanporatu zuten eta hamazortzi lagun atxilotu. 2014an EPPKko zortzi bitartekari espetxeratu zituzten. 2015ko urtarrilean presoen abokatuak eta elkartasun sarekoak harrapatu zituzten; martxoan Etxerat eta Jaiki Hadi elkarteetako bina kide. 2019an 11/13 makroepaiketa burutu zen. 2020an Kalera dinamikako hainbat kide atxilotu zituzten...

Zergatik tamainako erra? Akaso preso horiek, iragana ez ezik, oraina eta geroa ere badirelako.

Halaxe pentsatu zuen Ezker Abertzaleak: «Behin bake eskenatokia egonkortuta, preso eta iheslariak etxera itzuliko dituk epe motz/ertainean; orduan orube demokratiko bat erdietsiko diagu indarrak metatuz; azkenik erabakitze eskubidea gauzatu eta askatasunerako bidea urratuko diagu».

Estatua bestelako ondorioetara iritsiko zen kontrara: «Lehenbiziko asmoetan zangotrabatzen badizkiagu, lokatzetan itoko dituk».

Hala, espetxe politika, oraintsu arte, geldirik mantendu dute. Zenbait aldagaik topo egin duten arte: Euskal Herrian gehiengo zabalaren eskakizuna izan eta mobilizazio iraunkorren bitartez eustea; presoek ildoa berregokitu, eragindako minarekin enpatia izan eta bide legala ere profitatzea; Espainiako Estatuan ezker aldeko gobernuaren osaketa; indar abertzaleen bozkak Madrilen erabakigarriak izatea. Pieza guztiak dira garrantzitsuak, baina ezinbestekoa, urte guzti hauetan, boluntario lanetan aritu diren milaka lagunen lan eskerga izan da, errepresio gordinez baldintzatua.

Bidera irten beharrean gaude, Julen eta gainontzeko kideei irtenbidea bilatzeko. Enegarrenez.

13/13 sumarioko epaiketan ere herri xeheak atera beharko ditu babak eltzetik. Azpeitian txipiroi tinta botatzen dabilenak, ertzainak neurria galduta grebalarien edo gazteen aurka jaurtitzen dituenak, eta espetxe eskumenak martxan jarri aurretan, balizko presoen ongi etorrien aferarekin pausua markatu nahian dabilenak, nekez luzatuko du eskua.

Bidera irten beharrean gaude, Julen eta gainontzeko kideei irtenbidea bilatzeko. Enegarrenez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!