Patata-tortilla da oinarria

Erabiltzailearen aurpegia Ion Mintegiaga 2021ko urt. 23a, 19:58

Euskal sukaldaritza modernoko aitetako bati entzun nion sukaldean oinarritik abiatu behar izaten dela, patata-tortillatik lehenago, laborategiko ikerkuntzan ondutako abangoardiako plateretik baino. Pisuzko arrazoinamendua iruditu zitzaidan.

Azkenaldian jendearen hizketagaia da bizitzak hartu duen gehiegizko abiadura eta bilakaera eroa; konpetitiboa, basatia.

Presaka, harrapazka gabiltza, dena azkar, asko, noiznahi, edonon egin beharraren beharraz. Gurpil zoroa biraka doa erreparorik gabe eta bertara igo ezean jendartetik kanpo sentitzen gara; izan lanean, lagunartean, sare sozialetan, tramite administratiboetan, eguneroko jarduera arruntetan, kirolean... itolarrian bezala.

Gazte-gaztetatik, beteta, gainduta sentitu izan naizenean mendi aldera jo izan dut babes bila, bai nire kasa arnasa eta sosegua berreskuratzera, edo adiskideren batekin kezka iturriari sakon eutsi eta barrenak hustera. Izadia bidaia lagun aproposa izan ohi da; ez gara alferrik bertatik sortuak!

Eta gertatu zait denboran garatzen ari zen fenomenoa jabetzerako muturren aurrean lehertu egin zaidala. Mendi-gainak (baita itsas bazterrak ere) jende uholdez bete dira; are, presaka, bizi, abiaduran, dabiltzan lagun, ezagun eta kirolzaleez. Logikoki, jendarteko eredua naturara etorri da, ohiko mendi taldeak husten eta zahartzen joan dira, eta ni behintzat, ezustean harrapatu nau.

Ezin uka! Nire baitarako kosta zitzaidan aldaketa onartzea. Baina zein naiz ni jendea epaitzeko? Taberna zuloan hitz aspertuan baino hobeto ez al dabil jendea? Osasuntsu, sasoian, zoriontsu...

Izatekotan, sukaldariaren esana etortzen zait: oinarritik abiatzea. Korrika baino lehenago oinez; Pirinioen aurretik inguruko bazterrak; GPSan fede itsua izaterako inguruarekiko behaketa eta zentzua.

Aluminiozko paperean mimoz bildutako patata-tortillaren buelta ez da aitzakia txarra

COVID-19aren izurriarekin herritar askok naturarengan babes hartu dugun honetan, runner edo slow mountaineer, enduro edo mendigoizale, iraupen eski edo skimo, ez ditzagun mendiko ohitura onak gal: errespetua, diosala, hizketaldia. Norberak bere momentuan, pausa eta patxada. Aluminiozko paperean mimoz bildutako patata-tortillaren buelta ez da aitzakia txarra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!