Eztabaidaren negazionistak

Erabiltzailearen aurpegia Ion Mintegiaga 2020ko aza. 2a, 10:58

Negazionismoaren adiera aise zabaldu da denboran: txertoaren negazionistak, maskaren negazionistak, etab. Zalantza, eztabaida, erraz ukatzen ari da.

Bitxiki, eztabaida ukatzeko argudio nagusia 'Zientzia' hitza izaten ari da, maiuskulaz idatzia eta enfasiaz ahoskaturik. Baina iduri du zientzia aipatzen denean, laborategia, mikroskopioa, probetaz ari direla, eta zientziaren oinarria alboratua geratzen dela. Natura alegia.

Umetan berriz, eskoletan natur zientziak erakusten dizkigute lehen unetik: giza gorputza, unibertsoa… arnasketa prozesua. Oxigenoa biriketan sartu, konbustioa gertatu eta karbono dioxidoa kanporatu. Ez dirudi osasuntsuena sarrera-irteerak tapatzea.

Alfonbra gorriaz aurkezten diguten erreferentziazko aditu bati kontrakoa entzun nion irratian, eta horrek gutxienez zalantzak eragiten dizkit. Onartuko nuke erdibideko erantzun bat; demagun: «Maskara ez da ona osasunarentzat, baina eremu itxietan eta jende pilaketetan birusa ez kutsatzeko eraginkorra da». Erregeak baino erregetiarragoak dira azalpenak ordea. Eta neurriak Europa osoko murriztaileenak; kontrara, baliabideetan eskasenak. Emaitzak ezagutzen ditugu.

Baina iduri du zientzia aipatzen denean laborategia, mikroskopioa, kubetaz ari direla, eta zientziaren oinarria alboratua geratzen dela. Natura alegia.

Gaitza errealitate bat da, etxeraino iritsi zaigu. Medikuntza modernoa ere ez nuke gutxietsi nahi. Izurriaren aurretik egokitu zait hilabeteetan zehar gau eta egun ZIUan muturreko egoeretan egotea. Harrigarria da giza gorputzean eragiteko duten gaitasuna.

Baina afera sakona da. Hamarkadetan gaitzak medizina hutsez tratatuak izaten ohitu gara. Eta fedea handia da formula horrengan. Aitzitik, testuinguru historikoa ere aintzat hartu beharra dago. Humanitateak, langile jendearen bultzadaz aurrerapen nabarmenak egin ditu bere bizi baldintzetan, garbitasunean, lan orduetan, aisian, jendarte antolaketan. Horrek ondorioa zuzena ekarri du bizi itxaropenean. Medizinaren merkantilizazio orokortua geroxeagokoa da.

Epe motzeko irtenbiderako denaren beharra izango dugu. Epe luzerako konponbideak nahi baditugu, gizateriak kolektiboki zientziaren adiera guztietan pilatutako jakituria batu eta mikroskopioa alboratu gabe, begirada altxatu eta leiho kanpoan dagoen naturan erreparatu beharko du. Komunitate zientifikoak maiz ohartarazten digun bezala, gizakiaren esku hartzeak desoreka handiak eragiten ari da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!