Askatasun kolektiboak eta pertsonalak

Erabiltzailearen aurpegia Ion Mintegiaga 2019ko eka. 16a, 08:58

Orain dela milaka urte gutxi batzuk, lehen zibilizazioak osatu ahala, Grezian, Erroman edo Egipton, hastapenetako estatu egiturak antolatzen hasi ziren, beste herrikideen gainetik garatzen eta aberasten ari ziren giza taldeen interesak defendatze aldera.

Maneiatzen zutena gutxi ez, eta, ezin aseta, estatu egituren indarra baliatuta, mundu zabalean hedatzeari ekin zioten jo eta su, bidean topatzen zituzten herri, talde eta erlijio ezberdinak bereganatuz edo suntsituz, garaian garaiko testuinguruaren arabera.

Geroztik, tokian tokiko botere harremanak kudeatzeko moduak bertsuak izan dira han edo hemen, zapaldu eta zapaltzaileen arteko indar harremanek markatutakoak inondik. Eta hortaz, giza talde zabalak, herri, nazio, hizkuntza, erlijio, sexu, arraza, klase ezberdinetakoak, jazarriak dira munduko edozein bazterretan.

Azpian denak, sentitzen denak, behin indarrak hartuta, askatzea du amets eta asmo. Molde batean edo bestean, bakarka edo taldean, kontzienteki edo espontaneoki, altxatuko du burua; moztua, kolpatua, gerta dakiokeenaren jakitun.

Gipuzkoa omen da, estatu osoan, langileentzako lan hitzarmen hoberenak dituen herrialdea. ETBko erreportajean ikusi berri ditugu Eli, Jon, Jokin… Trantsizio garaiaren bueltan, langileen aldeko borroketan buru-belarri aritu, eta Tolosako kuarteleko atxiloaldian jasandako ondorioak kontatzen. Enpresariek kontratuak eskuz egiten zituzten garaietan, alegia. Ez ote du zerikusirik haiek bultzatu zituzten greba eta borrokek, ondorengo langileen bizi baldintzetan? Edo eta, oinarri haietatik sortutako euskal gehiengo sindikalaren jarduerak?

Egun, Tolosaldean, D eredua da hezkuntza aukera bakarra. Zenbat erregelak eta hurritz-makilak kolpatu zituzten euskal ikasleen hatzamar eta ipurmasailak, ama hizkuntza erabiltzearren?

Berriki Ibarran omenaldia jaso duten Eduardo Osak, Juli Alijostesek eta Inaxio Aranaldek, ez ote dute lagundu egungo askatasun mailak mugatuak izanagatik erdiesten?

Zenbat zigor eta jazarpen dakartza unibertsala den askatasunaren ideiaren xerkak?

Bizi garen tokian bizi gara, Euskal Herrian. Zapalkuntza anitzen baitan. Hemen bi eta hiru aldiz pentsatzen du norbanakoak, askatasun kolektiboaren mesedetan utzi beharko duen pusketaz.

Indarrak dirauen artean, askatasun pertsonalaren zati bat, kolektiboaren mesedetan jartzeko kontratua egina dut aspaldi, neure buruarekin. Klausula guztiak ez ditut nik sinatzen, badakit. Paperean idatzita dagoen guztia ez du errespetatzen parekoak, badakigu. Baina, taldearen mesedetan gal dezakedan askatasun pertsonalaren zatia, geldirik egon eta ez galduagatik, kontzientzia txarrak zulatutako barrena baino txikiagoa da oraino. Gutxienez, gatibu ditugun herrikideak etxeratu arte bai, behintzat.

Helburua lortuko bagenu, beste kontratu pertsonal bat sinatzeko garaia iritsiko litzateke niretzat. Hori ere, momentuko indar (pertsonalaren), behar (kolektiboen) eta estatu egituren (mehatxuen) oreka harremanen araberakoa izango da normalean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!