Makro epaiketa egokitu zaigu

Erabiltzailearen aurpegia Ion Mintegiaga 2019ko api. 28a, 13:00

Datu orokorrek diote irailaren 16an hasiko dela presoen babes talde ezberdinetako kideon aurkako epaiketa. 47 lagun gaudela saltsan, eta 601 urteko espetxe eskaera dugula zain.

Datuak xehetzen hasiz gero, gure kargura adin txikiko ia 50 seme-alaba baditugula gehitu beharko genuke, asko eta asko oso txikiak. Eta, hortxe, guraso auzipetuon komeriak! Nola eta noiz kontatu? Behin pedagogia egiten hasiz gero, behar baino gehiago ez ote ditugu larrituko? Azken momentuan, kolpetik jakin beharrak ere ez dirudi aukera hoberena. Eta, kaleko kartel eta pankartetan gure aurpegi eta izenak bereizten badituzte? Edo gelakideren batek, zasta, ikastolan botatzen badio? Une samur eta aproposik ez da suertatuko, seguru.

Zergatik, aita? Galdetuko didate, halako batean, aurreko espetxealdian galdetu zidaten bezala. Zalantza egingo dut, gure herriak bizi duen egiturazko zapalkuntza noraino azaldu: nire araberako eskemarekin, beren pentsamendua eta etorkizuneko izana baldintzatzerik ez nuke nahiko, nire erabakien eta bizimoduaren neurrira eratzen joan den militanterik ez dut nahi. Beraien kasa erabakirik hoberenak hartzeko baliagarriak zaizkien tresnak eskaintzen saiatuko naiz normalean: adibidez, gehien sufritzen dutenak gure laguntza behar izaten dutela azpimarratzen.

Euskaldun batzuk urruneko espetxeetan daudela, eta... Zergatik daude espetxean, aita? Ba...

Fiskalaren galdeketa motz utziko dute gure txikiek.

Euskal presoen aldeko lana epaituko dute, Auzitegi Nazionalean. ETAko kide izatea eta ETAren aginduetara egotea, behin ETAk armak utziak zituela, eta bere burua desegiteko asmoa azaldua zuenean. Konponbideari ateak ixtea erabaki zuten estatuko egituretatik, nonbait, bake eszenatoki oso batera hurbiltzen den egoeran, zer edo zertan galdu egiten dutela iritzita.

Eta, horrek, guraso bezala eman beharreko erantzunak zaildu egiten dizkigu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!